ESZENA

Tokiko sortzaileen txanda, Gasteizko Antzerki Jaialdiaren barruan

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren barruan, Off Lokal tokiko sortzaileen erakustaldiak burutuko dira egunotan.  Covid-19aren krisialdiak markatutako Off Lokalen edizio berri honetan, antzerki-lanak ezohiko espazioetan eskaintzeko proposamena gauzatuko da, ikusleekiko gertutasuna eta zuzeneko begirada eskainiz.

Hortaz, Off Lokal atalaren barruan, abenduaren 18, 19, 20 eta 21ean hainbat emanaldi ondu dituzte Gasteizeko Hegoalde Gizarte Etxearen plazan. Parte hartuko duten taldeak honakoak dituzue: Tranpola euskarazko Txilin Hotsak lanarekin; Pez Limbo Itsasbehera obrarekin; Piszifaktoria Laborategia Elkar ezagutu genuen eguna lanarekin; eta azkenik, Hara Nori Ypárchoume lanarekin.

Txilin Hotsak obrak hauxe kontatu nahi du:  Zer gordetzen du maletan daramatzan poto horietan guztietan? Bideari ekin dio txilin hotsez lagunduta. Eta horiek dira, kristalezko poto horiek, besterik ez, doan horra eramango duen gauza bakarra. Usainez, zaporez eta kolorez betetako poto hutsak.
Pez Limbo taldeak bestelako gai bat proposatu nahi du: Bidaiatzen duen jende gehiena ez doa inora, baizik eta norbaitengandik ihes egiten du. Borrokarako, eztabaidarako, marea bizietarako erabat prestatuta dauden bi gizon haserre daude lurralde etsai eta ustekabeko batean. Bestea behar dute aurrera egiteko.
Piszifaktoria Laborategial Elkar ezagutu genuen eguna lan poetikoan irudi hauek haizatuko ditu: Elkar ezagutu genuen egunean, hotz egiten zuen, otsailaren 7 guztietan bezala. Zure begiekin akordatzen naiz. Batez ere. Jende zoriontsuak izan ohi duen distira zeukaten egun hartan. Zoriontsuak ginela ematen zuen. Baina nola heldu ginen haraino? Zein da zoriontsua izateko ibili beharreko bidea?
Azkenik, Hara Nori taldeak Ypárchoume  obra eramango du Gasteizera. Gehiago jakiteko hurbiltzen gara; aldendu egiten gara, ez dugulako jasaten. Hitz egiten dugu, bi hegazkin piloturen antzera. Desiratzen dugu, ezer ez dakien norbaiten antzera. Desira berez mugimendua denez, mugitu egiten gara. Zer besterik egin genezake?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button