ARTEA

“Scriptbarik” instalazio artistikoa ikusgai, Azkuna Zentroan

Susana Talayero, Gema Intxausti eta Amparo Badiola sortzaileen proposamen artistikoa da Scriptbarik. Azkuna Zentroko Lantegia. Ideia-laborategiko BAT gunean irailetik aurrera garatzen ari diren artistek partekatutako lan-esperientzia bat da, eta horren emaitza, erakusketa-formatuan, azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Scriptbarik esperimentu bat da, erritmo organikoan artikulatuz joan dena, proiektuan parte hartzen duten hiru artistaren lan-praktika osatzen duten diziplinen arabera: dantza (Amparo Badiola), eskultura (Gema Intxausti) eta pintura (Susana Talayero).

Prozesu horretan, artistek “imajinarioak partekatu, mugak gainditu eta aukeratu dute ustekabekora iristeko ebazpen-prozesu kolektiboa eta autoretza partekatua”, azaldu dute. Ildo horretatik, “gidoirik ez izatea eta erabiltzen ez diren materialak (Zentroko biltegietan jasoak) erreskatatzea abiaburutzat hartuta, esku-hartze bat egin dute espazioan, eta hiru zati dituen bideo bat (Motorzalea, Azpimundua eta Masa), non istripu batek desioari eta heriotzari buruzko ekintza komun bat jasotzen baitu”, erantsi dute.

Amparo Badiola (Bilbo, 1958) Medikuntzan lizentziaduna da EHUn. Dantza-ikasketa ez-arautuak egin zituen Bilbon eta Londresen 1988tik 2003ra arte, eta Londresen bizi da.
Gema Intxaustik (GernikaLumo, 1966) eskulturaren, marrazkiaren eta film-narrazioaren arloan egiten du lan. EHUn Arte Ederretako ikasketak egin ondoren, Londresera joan zen bizitzera eta han zinema ikasi zuen. Gure Artea saria eman zioten 2018an, ibilbide artistikoa aintzatesteko.
Susana Talayerok (Bilbo, 1961) pinturaren eta marrazkiaren inguruan egiten duen lana bideora zabaltzen du noizean behin. EHUn Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan zen, eta han bizi izan zen 1986tik 1996ra. Carreras Mugican (2019) eta Bilboko Arte Ederren Museoan (2016) erakutsi ditu bere lanak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button