BESTELAKOAK

Durangoko Azoka musika emanaldiz beteko da

Musika izango da, Durangoko Azokaren 48. edizioaren eskaintza nagusienetakoa eta horretarako 50 zuzeneko baino gehiago eskainiko dira Ahotsenean eta Plateruenan.

Ahotsenea sortzaileen plaza da, eta euskarazko musika zein literatur lan berriak argitaratu dituzten sortzaileen esku jarriko du bere espazioa. Ordu erdiko emanaldiekin, 40 zuzeneko eta beste hainbeste solasaldi izango dira, 11:00etatik 20:30etara jarraian. Ahotsenean lekurik gabe gelditu diren zenbait taldek Plateruenan jotzeko aukera izango dute goizez.

Bestalde, Plateruena Kafe Antzokiak gaueko egitarau erakargarria prestatu du eta astebete lehenago abiatuko du bere programazioa. Hala, azaroaren 29an, Ruper Ordorikak Azuke koxkorrak disko berria aurkeztuko du, eta 30ean On taldearen txanda izango da.

Azokaren lehenengo egunean (abenduaren 5ean, ostegunean) Ahotseneak ikasleen egunarekin bat egin, eta EH Sukarra taldeak zuzenekoa eskainiko du goizean gazteenentzat.

Ondoren, Malenkonia, Aneika Ara, Hartzak Blues Band, Kometa, Napoka Iria eta The Icer Company taldeak, eta Aingeru Gorrotxategi, Igor Arzuaga eta Xabi Aburruzaga bakarlariak ariko dira.
Plateruenan, berriz, euskal kantagintzari buruzko kontzertu bat prestatu dute ikasleentzat goizean, eta gauez Su Ta Gar taldeak joko du lan berria aurkezteko.

Ostiralean, abenduaren 6an, Joseba B. Leinor, Mursego, TikTara, Esne Beltza, Humus, Jexuxmai Lopetegi, Keu Agirretxea, McOnak, Izaki Gardenak eta Nekez pasatuko dira Ahotseneatik. Plateruena Kafe Antzokian, Iheskide eta Arkada Social taldeek lan berrienak zuzenera ekarriko dituzte.

Larunbatean, abenduaren 7an, Ahotsenean talde hauek izango dira: Begiz begi, Igelaren Banda, Antton Aranburu, Emon, Glaukoma, Eratu, Sermond’s, Danba, Eñaut Elorrieta eta Odolaren Mintzoa. Goizean, Plateruenak folk eta elektrofolk musikari egingo dio tartea, Zeze eta Aguxtin Alkhat taldeen emanaldiekin, eta gauean Urtz eta Kauta rock taldeen txanda izango da.

Igandean, abenduaren 8an, Anjel Unzu eta Txuma Murugarren, Nabil, Neighbor, Jokin Lasa, Los Galerna, Oreindik, Kasik, Iniña Coyoe eta Chico Tornado, Norman eta Lou Topet igoko dira Ahotseneako taulara. Bere aldetik, Plateruenan Amaia Urzainkik eta Enekorak kontzertuak eskainiko dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button