Getxoko hainbat eragilek Sarea josten ekimena jarri dute martxan euskararen inguruan dabiltzan getxotar guztiak elkar ezagutzeko eta elkarrekin jarduteko xedearekin. Horretarako, ekintza andana prestatu dute, tartean, hitzaldiak, mendi-irteerak, musika emanaldiak, mahai-inguruak eta bertso saioak.
Sarea josten ekimena irekia, herrikoia eta horizontala da. Irekia denez, bertan parte har dezakete euskararen alde lan egiteko prest dauden euskaldun eta euskaltzale guztiek. Herrikoia denez, herriko taldeak, elkarteak, eragileak eta norbanakoak dira protagonistak. Eta horizontala denez, denon artean erabakitzen dute sarea nola josi.
Oso esparru ezberdinetako partaideak dabiltza sarea josten: dantzariak, komunikabideetako langileak, feministak, kirolariak, ikastetxeetako guraso, ume zein irakasleak, eta abar. "Ezberdinak gara baina helburuak batzen gaitu: euskararen alde lan egin. Orratzak eta haria hartuta, norberak ahal duen eta nahi duen moduan josiko du sarea: erakusketan, irratsaioetan, jardueretan, bazkarian edota egunerokoan".
Hala, hil honen 9tik hasita 25era bitartean makina bat ekintza atondu dituzte. Esaterako, tarte horretan erakusketa ibiltaria abian da Getxoko hamar tokitan 30 eragileren eskutik. Era berean, hamaika ekitalditan parte hartzeko aukera ere badago: hitzaldiak, mendi-irteerak, musika emanaldiak, mahai-inguruak, bertso-saioak, bizikleta-ibilbideak, kantu-poteoa, literatur saioak, eta abar. Azkenik, hilaren 24an herri bazkaria egingo dute Romoko frontoian.
Sarea josten-ek bidalita