ESZENA

Santurtziko Antzerki Jaialdia gaur hasiko da

Pandemia dena zapuzten ari da, halarik ere kulturak aurrera segitu nahi du. Horixe egingo dute Santurtzin, eta hor, Santurtziko Antzerki Jaialdiak 41. urte beteko ditu aurtengo edizioan. Egoera dela eta, ikuskizunen edukiera murriztuko da, baina lanen kalitatea ez da txikiagoa izango.

Jaialdia gaur bertan, urriaren 30ean, hasi eta azaroaren 28an bukatuko da, eta 14 ikuskizun  eskainiko dira Serantes Kultur Aretoan.
Santurtziko Antzerki Jaialdiaren lehen hitzordua gaur izango da Yo, Mussolini izeneko lanarekin. Leo Bassik sortu eta interpretatzen duen obra probokatzaile eta dibertigarria da, non baikortasuna eta intolerantziari adimenez aurre egiteko gogoa aldarrikatzen den. Horretarako, txistea eta probokazioa manipulazio politikoari buruzko hausnarketa sakonarekin uztartzen dira, bai eta barrea eta pentsaera positiboa proposatu ere, faxismoaren aurkako antidoto gisa.

Datozen asteetarako antolatu dituzten emanaldien artean, bi izango dira euskaraz: Fadoak entzuten zituen gizona (azaroak 5) eta Harri Orri Ar (azaroak 26).

Xake Produkzioak antzerki taldearen lana da Fadoak entzuten zituen gizona. Lanaren korapiloa honakoa duzue: Mario kamioilaria da eta lan kontu batengatik Lisboara doa. Bidean, Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander musikaria da eta Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa bertan parte hartzeko asmoz. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Bi pertsona hauek egun pare bat iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Izan ere, Castillako lurretan elurte handi bat egongo da eta errepidean harrapatuta geratuko dira. Zirkunstantzia horrek sortzen duen intimitateari eta elkarrekin pasatzen duten denborari esker, harreman oso berezia sortuko da bi lagun hauen artean eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango du: Zer da sentibera izatea? Gizonak izan gaitezke sentiberak? Nola harremantzen gara mutilak? Zein rol jokatzen ditugu gizarte honetan? Maskulinitatearen inguruan gogoeta egiteko lan bat da honako hau.

Pez Limbo taldeak Harri orri ar antzerki lana egingo du. Pez Limbo konpainiak (Iñake Irastorza, Nagore Gonzalez, Josune Velez de Mendizabal, Haizea Baiges, Martxelo Rubio, Jontxu Martinez, eta Egoitz Sanchez), Maria Goiricelayaren zuzendaritzapean, honakoa kontatu nahi du:  “Euskal Herrian, ikastetxe bateko patioan. Jolasean ari dira zazpi pertsona. Ez dute ezertaz elkar ezagutzen, baina hor daude, espazio horretan… arrazoiren batengatik. Hori da inoiz hitz egiten ez dugun horren inguruan dabilen ikuskizun baten hasiera: euskal kontakizunarena, bat izan gabe asko direnak; eta gure izaera politikoa ezagutzera emateko daukagun beldurrarena, odolak oraindik pisu handia duen lurralde batean. Gure herriko elkarbizitza beti izan da konplexua. Terrorezko urteek askotariko min ugariak eragin zituzten. Aurrera begiratzea tokatzen da gaur, etorkizunera. Hausnartu eta autokritika egiteko unea da. Baina, batez ere, elkar topatzeko unea da”.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button