MUSIKA

Mikel Urakenen “Izaki bizidun berriak”

Mikel Uraken musikari bilbotarrak Izaki bizidun berriak izenburuko bigarren lana plazaratu du. 2015ean argitaratu zuen santutxuarrak lehenengo lana, Neguaren ostean, zeina bakarrik grabatu zuen. Bigarren urrats hau, ordea, taldearekin grabatu du, hirukote formatuan, Gorka Pardo baxu-jotzailearekin eta David Tobal Arnaiz bateria-jotzailearekin.

Diskoak post-hardcoretik eta noise-rocketik edaten dute zortzi lehergailu elektriko biltzen ditu. Doinuotan intentsitate handiko eztandak eta paisaia geldoagoak uztartzen dira, Urakenen ahots pertsonalarekin jantziak. Grabazioan aurreko lanaren arrastoak nabaritzen dira, lausoki, ahotsetan batez ere, lan hau talde lana baita, ez kantautore baten ahaleginaren emaitza. Hemen talde bat entzuten da, erritmo sendoak jaurtitzen dituena, baina ahots tonu ezberdinekin uztartuak. Hala, Norantza bakarra galbidea? Urakeni orain arte entzun diogun songwriter kutsua nabari daiteke, baina hurrengo kantua, Instant bat errepikapen bortitzetan oinarritutako kantua da, nahiz eta giro abstraktuagoetan amaitzen den, baxuak mailu baten antzera jotzen du, distortsioaren ondorioz, eta ahots geruza ezberdinak entzuten dira.

Bigarren lan hau Garate estudioetan grabatu du, Ander Barriuso teknikariaren gidaritzapean. Hitzen harira, Gorka Erostarbe, Aiert Goenaga eta Gotzon Barandiaranek parte hartu dute. Diskoaren azala Asier Garcia Azkue diseinatzailearen lan finarekin apainduta dator, Urakenen aurreko lanarekin egin zuen lez.

Kontzertuei dagokienez, larunbatean, Balmasedako Herriko Tabernan izango da; 19an, Bilboko Kafe Antzokian; maiatzaren 5ean, Tolosako Bonberenean, eta 18an, Sopelako Plaza Beltza Kulturgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button