ESZENA

Proposamen eszenikoak asteburu honetarako

Kulunka Teatrok André y Dorine oholtzaratuko du Durangoko San Agustin kultur gunean eta Irungo Amaia Kultura Zentroan, berriz, Aracaladanza taldeak Nubes egingo du.

Asteburu honetarako maskarekin antzeztutako lan aparta egingo dute Durango aldean: André y Dorine izenekoa, Kulunka Teatroko Iñaki Ricarte eta Garbiñe Insaustik gidatutakoa, eta alzheimerra lantzen duena.
Lan bikain honek dagoeneko pare bat sari irabazi ditu: 2011ko Birmingham festibalean antzezlan onenari eta dramaturgia onenari sariak eskuratu zituen; 2011ko urrian burututako Huescako antzerki eta dantzaren 25. nazioarteko azokan ikuskizun onena sarirako finalista izan da. Ordutik hona, nazioartean ibili da: Turkian, Nepalen, Dominikar Errepublikan, Ekuadorren, Kolonbian, Argentinan, eta AEBetan.


Obran, iragana paretetan eskegita ageri den egongela txikian idazteko makina baten hotsak eta biolontxelo baten doinuak entzuten dira. André eta Dorinen oihartzuna da: aitona-amama bikote berezia, beste bikote asko bezala, errutinaren alferkeriak bereganatutakoak. Egunerokotasuna, baina, gaixotasunak apurtuko du, alzheimerrak, alegia. Lan honetako benetako antagonista, oroitzapenak irensten dituena, identitatea jaten duena. Eta orduan André eta Dorinen arteko harremanak hastapen berri bat izango du: izan direna gogoratuko dute, nor diren ez ahazteko. Antzezleak: Jose Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamo dira.

Beste aldetik, Nubes dantza garaikideko obra bat da. René Magritteren margolanen surrealismoak inspiraturiko unibertsoan barneratuko da lana. Taula gainean, belgikar artistaren koadroetan ageri diren edo maisuaren mundu ikuskera berezia gogoratzen duten objektuak nahasten dira. Aracaladanza Madrilen sortu zen, 1994an Enrique Cabrera koreografoaren eskutik. Dantza garaikideak ikus-entzule berriak erakartzea izan da konpainiaren helburua hasieratik. Espainiatik ibiltzeaz gain, konpainiak Alemania, Frantzia, Hong Kong, Irlanda, Maroko, Erresuma Batua eta Turkia bisitatu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button