EZLEKUBAT

Ihes Ederra egin beharko genuke

Agertu dira eta ez dute ihes egin. Baina ihesaren gainean egin dute berba biek Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak, biena baita Alberdaniak argitara ekarri duen Ihes Ederra izeneko komiki-liburua. Testua konplexua da, eta badu poesiatik, filosofiatik asko eta testua eta marrazkiak biziki ongi loturik agertuko zaizkigu.
Liburua pentsarazteko sortua da, gozatzeko baina era berean kezkatzeko, izan ere gure konplexuak aterako dira bertan, ironiaz eta barreka tratatuak batzuetan, baina beti modu inteligentean.

Euskal Errepublika Askean bizi den bikote heterosexual baten istorioa da Ihes Ederra. Baina bada beste zerbait.
h/Bada poema itzulpen eta hautaketa. Saiakeren pasarteen dibulgazioa. Umore monologotik badu. Panfletoarekin lardaskatzen du. Baina dena dago bideratuta bikote heterosexualaren istorioa kontatzera.

a/Hori da, bikote heterosexual baten urte betean gertatzen diren 5 pasarte dira kontatzen direnak, dena testuinguru desberdin batean, ukronia batean… eta beti ere irakurlearen gogoeta bideratzeko…

Liburu-komikian zehar testu klase ezberdinekin egingo du topo irakurle kuxkuxeroak. Nahita egin duzue, edota lanaren helburuak behartu zaituzte horrela burutzera?
h/1920ko hamarkadako collage-eleberriek egin bezala, garai bereko erreferentzia-eleberrien modura, edo 60ko hamarkadakoek, edo fantzineek duela bi hamarkada burutu zutenez, irakurketaren kronologian beste generoak txertatu ditugu. Ez fantasiarantz edo sofistikaziorantz gerturatzeko, aurkakoa baizik, gure mundu ikuskera zatitua hobe deskribatzeko, errealitatea konplexua da eta halakoa da liburua.

a/ Esan bezala, gaur egunean bizi dugunaren adierazgarria bada testu zein marrazki estilo desberdinen nahasketa hori… argazkiak, ilustrazioak, komikia, poesia, prosa, elkarrizketa… formatu denak nahastuta eta denak harremantzen direla, formatuen aniztasunak eta elkarren ondoan jartzerakoan sortzen dituen irakurketa desberdinak ere kontutan hartuta.

Maitasuna, politika, ihesbideak, afektibitate falta, dekadentzia, erotismoa…hauek dira ukitu dituzuen gaiak. Badira beste batzuk. Nahaspila ederra! Zergatik?
h/ Pentsabidea nahasia da. Eguneroko erabakiak eta ideologia eskutik doaz. Bakarrik gaudela kaletik ibiltzean bostehun metrotan zenbait gai ezberdin gurutzatu ditu gure buruak? Plazera eta ongizatea minak jaten du, ez dago orekarik.
 Formatuak eta gai aniztasunak errealitate mentala azaltzen du, kontzentraziorik gabea, nahasia.

a/ Ideia ugari diren arren denak datoz bat, lotura handia dago maitasuna eta politika liburuko istorioan azaltzeko eran… Distrakziorako ohitura handia dago gaur egungo gizartean, eta gure liburuaren estetikak eta ideiak lantzeko erak horrekin bat egiten du.

Komiki lan arrunt baten aurrean ez gaudelako sentsazioak hartzen gaitu hasieratik. Zer du berezi lan honek egileentzat?
h/ Diziplinartekotasuna protagonistaren egoerak deskribatzeko tresna gisa hartu dugu. Formatua historiaren mende dago, adibidez elkarrizketa soila ondo zihoanean hala sartu dugu, ez gara bineta eta burbuilak egiten jarri, horrek orrialde asko hartuko lituzke estetikoki interesik ez duen gune batean, beraz hitza hutsik doa. Eta kontrakoa irudia bada garrantzizkoena ez gaude burbuila bat txertatzera behartuak. Argazkia edo krokisa hobea bada, hala doa.

a/ Baditu ere bestelako komiki-liburuetatik bereizten dituen ezaugarriak, esate baterako liburuan ezkerreko orrialdeetan agertzen diren tarteak. Horrek irakurketa liburutik kanpora bideratzen du, horrela irakurketa zabaltzen da… sarritan liburuaren kriptikotasunetik aldendu eta irakurketa errazteko, besteetan istorioaren irakurketa osatzeko, bizi dugun munduaren eredua islatzeko… Jende askorentzako deigarriak izan dira liburuak dituen hizkuntzen arteko jokoak eta liburuan agertzen den euskara ere izan da. Hitzaurrea ingelesez doa, Iparraldekoa ez den euskara frantsestu bat ere erabiltzen dute, frantsesa ere tartekatzen da… hizkuntza baten agertzen direnak gero ez daukate inongo itzulpenik, eta horregatik, askok ez dute sarrera ulertuko, beste askok ez dituzte frantsesez agertzen diren hitzak edo poesiak ulertuko… joko polita da.

Bide hau jorratzeke dagoela uste duzue diziplina horren barruan? Hemendik segitzeko gogorik bai?
h/ Bide honek norbanakoen istorioak eta gizarte arazoak kontatzeko tresna eraginkorrak eskaintzen ditu. Irakurle naizen aldetik gustatuko litzaidake irudi eleberriak euskaraz sortzea. Egilearen ikuspegitik, orain publikoak zer dion itxaron behar dugu, eta bitartean, lanean jarraitu, dela poesia, dela komikia.

a/ Hemen ez dago munduan komikiak irakurtzeko dagoen ohitura. Euskaraz ez dira argitaratzen eta  pena da, alde batetik istorio asko erbesteko hizkuntzatan irakurtzera derrigortuta gaudelako, bestetik hemen argitaratzen direnak oso publiko murriztu batera heltzen dira eta hori dena badakigunean Euskal Herrian badirela marrazkilari eta idazle onak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button