BERTSOTAN

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen pausoak

Hil honetan bertan abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiak aurkezpen prentsaurrekoa izan du gaur goizean Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari den Iñaki Muruaren presentziaz aparte herrialdeetako bost lehendakariak ere izan dira: Alaitz Rekondo (Nafarroatik), Ekaitz Elorriaga (Arabatik), Joana Itzaina (Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroa ordezkatuz), Saroi Jauregi (Gipuzkoatik) eta Asier Ibaibarriaga (Bizkaitik). Muruak esan duenez, “inoiz baino elkarteagoko argazkia” atera ahal izan da prentsaurrekoan.

Joana Itzainak herrialde guztietan bertsolaritzaren aldeko apustua zertan den azaldu ostean, Jokin Castañosek hartu du hitza, txapelketa nagusiaren egituraz mintzatzeko.
Hortaz, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa irailaren 29an hasiko da eta abenduaren 15ean amaituko, eta epe luze honetan 14 saio jokatuko dituzte 43 bertsolarik (2 Arabatik, 11 Bizkaitik, 21 Gipuzkoatik, 4 Nafarroatik eta 5 Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik). Horiekin batera lanean, 14 lagun arituko dira gai-jartzaile eta 16 epaile lanetan.
Lehen norgehiagoka Amasa-Villabonan izango da (bertan dago Bertsozale Elkartearen egoitza) eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n jokatuko da finala. Tartean honako herriak bisitatuko dira kanporaketak burutzeko: Markina-Xemein, Hendaia, Altsatsu, Legazpi, eta Oion. Horien ostean finalaurrekoak jokatuko dira Gernikan, Tolosan, Oiartzun, Murgian, Elizondon, Donostian eta Maulen.

Barakaldoko BEC-en Maialen Lujanbiorekin batera beste zazpi bertsolari arituko dira, Andoni Egañak ez baitu izenik eman aurtengorako.

Aurtengo txapelketaren osagarriak www.bertsozale.com eta www.bertsoa.com   webguneak izango dira, eta bertan informazio guztia eskuratu ahalko da puntualki.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button