
Huhezinema jaialdiaren aurtengo edizioa martxoaren 17tik 18ra egingo da, online eta modu presentzialean.
“Irrikitan gaude aukeratutako 21 film laburrak eta prestatu ditugun bi masterclass publikoarekin partekatzeko. Aurtengoan, ez dizuegu huts egingo eta inoiz baino ilusio handiagoarekin gatoz 2020ko edizioa online egin ondoren, aurtengoan formatu hibrido batekin. 2020ko edizioa berezia izan bazen, hau ez da gutxiago izango berriz zinema aretora bueltatzen garelako, gonbidatuak jasoko ditugulako eta berriz ere sari pila banatuko ditugulako jaso dugun babes eta lankidetza berriei esker. (…) Aurtengo edizioa hibridoa izango da, aurrez aurreko eta online modalitateak nahastuko baititugu”.
Aurtengo egitaraua honakoa duzue: gaur, martxoak 17, Binahi Kasting agentziaren masterclass bat izango da 10:00etatik 13:00etara. Arratsaldean, berriz, 15:00etatik 18:30etara film laburren emanaldiak izango dira. Hasteko Begia Begi Truk film laburraren sortzaileek hitzaldi bat egingo dute. Gero, MU Saileko film laburren lehen blokea proiektatuko da, eta 17:00etan, bigarren blokea 18:30ak arte.
Ostegunean, martxoak 18, IXA, mugikorrentzat euskaraz egindako lehen websailaren sortzaileek masterclass bat emango dute. Arratsaldean, berriro film laburren proiekzioak izango dira. Azken egun horretan, Sail Ofizialeko film laburrak proiektatuko dira. Eta urtero bezala, sari banaketarekin amaituko dute jaialdia, 19:00etatik 20:00etara.
Hamar sari banatuko dira, Erika Olaizola, Arantza Santesteban, Aizpea Goenaga eta Irati Crespok osatutako epaimahaiak erabakitakoak.



