ARTEA

“Prototipoak”, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa Azkuna Zentroan

Duela urte batzuk jaio zen, eta gero existitzeari utzi zion 3, 2, 1. Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa programaren jarraipena izateko bokazioarekin sortu da Prototipoak, Azkuna Zentroak maiatzaren 25etik 29ra arte abiaraziko duen Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa.

Atzo aurkeztu zen prentsaurrekoan,eta Azkuna Zentroko zuzendariak, Lourdes Fernandezek adierazi zuen bezala, “topaketak formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana, ezohiko espazioak erabiliz eta erkidegoarekin batera sortutako prozesu artistikoen bidez”. Kasu honetan ikusizko arteen eta entzunekoen arteko uztarduraz arduratuko dira, “lan sortzailearen forma berriak sustatzeko eta Bilbon dagoen eskaintza artistikoa osatzeko, beti ere gizartearen inplikazioarekin”.

Hortaz, bi urterik behin egingo den Prototipoak nazioarteko herritarrengan jarriko du fokua, ezohiko espazioak erabiliz, hortxe izango diren artistek eta proiektuek ikus-entzuleei   esperientzia berriak eskaini ahal izateko.
Topaketak bertako zein nazioarteko artista ezberdinen 15 proiektu biltzen ditu, eta bertan hainbat tailer, performance, instalazio, hiri erakusketak, hiri barruko ibilbide artistikoak, etab… programatu dira, eta hori guztia egituratzeko lau komisario aritu dira lanean: Rosa Casado, Xabier Erkizia, Javier Duero eta Mateo Feijóo.

Orain arte adostu diren proiektuetariko batzuk honakoak dituzue: Montaña (Belén Cueto. Madril) Zaborrek gure ingurune hurbilean duten zereginari buruzko ekintza eta instalazioa; Más allá del ruido (Carlos De Hita. Madril) Bilboko inguru naturaleko soinu-instalazioa; Exote (Kris Verdonck. Belgika) Lorategi instalazio berezi bat egingo du; Diario diseccionado (Maialen Lujanbio, Luca Rullo eta Oskar Alegria. Euskal Herria) Ekintza batzuen informazioa bildu eta erregistratuko dute; El Rechinar (a)pagado Xabier Erkiziaren proposamena. Performance honek XIX. mendeko Bilboko ohiko eszena bat birsortuko du: idi-gurdi karrankaria, kaleetatik kirrinka, hiriko soinu-marka bilakatuta. Eta interesgarrienetako bat Julian Germain argazkilariarena da. Artistaren argazki-lanaren hiri-erakusketa bat izango da, tradiziozko euskal kiroleko eskoletan gazteek duten entrenamenduari buruzkoa, publizitateko euskarrian hiritik banatuta.  Bertan ikusiko dira aizkolari gazteak, indar probetan aritzen diren neska gazteak, eta abar. Tradiziotik ere abiatuko da Markus Wüste artista alemaniarra; Rural Sports izeneko ekimenean harria izango da eskultorearen ekintza eta instalazio honetako protagonista. Programan Iñaki Perurenaren izena ere agertzen da. Interakzioa izango ote da?

Datu gehiago izateko, Azkuna Zentroko webgunean begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button