LITERATURA

"Hatsaren kulunka" Jokin Zaitegi Sariaren bidez argia ikusi duen lana

Herta Muller-en Hatsaren kulunka Jokin Zaitegi Sariaren bidez argia ikusi duen lana da. Bertan honakoa kontatzen da: II. Mundu Gerraren amaiera aldera, gutxiengo alemaneko errumaniarrak Sobiet Batasunera deportatu zituzten, Hitlerri emandako laguntzaren zigor gisa, eta han eduki zituzten, lan behartuetan, bost urtez. Haien artean zegoen idazlearen ama ere, baina etxean ez zuen inoiz kontu hari buruzko hitzik entzun. Oskar Pastior poeta ere trantze beretik igaroa zela jakindakoan, harekiko hartu-emanean jarri eta liburu hau lantzen hasi ziren. Handik gutxira hil zen Pastior, eta bakarka segitu zuen Müllerrek proiektuarekin.

Hamazazpi urteko mutil bat, lan-esparrura bidean. Ez du penarik bere herri ziztrina atzean uzteaz, baina aurrean topatuko duena gizatasunaren mugetan dago: lan akigarria, gose eramanezina, hotza, basakeria, umiliazio etengabea… Hori guztia, baina, ez zaigu salatzeko modu enfatikoan kontatzen, gauzak deskribatzen direneko distantziarekin baizik. Pertsonak eta are sentimenduak ere objektu bihurtzen ditu protagonistaren sentiberatasunak, eta hizkera aldi berean gogor eta irudimentsu, krudel eta liriko batean azaltzen dizkigu bere eta inguruko guztien bizikizunak.

Herta Müller Nytzkydorf-en jaio zen 1953an, Errumaniako komunitate alemanaren baitan. Filologia alemana eta errumaniarra ikasi zituen Timisoaran, eta fabrika batean itzultzaile gisa lan egin zuen urte batzuetan, Securitate polizia politikoarekin kolaboratu nahi ez izateagatik bota zuten arte. Bere idazlanak sorterrian argitaratzeko arazoak izan zituen, baina Alemanian eta Austrian kritikaren txaloak jaso zituen. 1987an Errumaniatik ihes egin eta geroztik Alemanian bizi da.
Hainbat genero landu du, betiere jaioterriko mundu gogorra azalduz, gordintasunez eta idazkera landu bezain trinko batean. Sari ugari irabazi ditu, horien artean esanguratsuena Literaturako Nobel saria 2009an.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button