
Joxemari Iturralderen Frantzian je t’aime esaten dute, eta Manu Lopez Gaseniren Paperezko bizitzak izeneko liburuak argitaratu ditu Pamiela argitaletxe finak.
Nola arraio esaten da muxu eman frantsesez? Galdera kurioso eta interesgarri honekin zabaltzen dira Joxemari Iturralderen Frantzian je t’aime esaten dute liburuaren orriak.
Bestela, imajina ezazue eszena hau: Frantziara zoazte, oporretan, lagunekin batera eta gurasorik gabe! Ez dago gauza hoberik munduan! Frantsesa ikasi behar, hori bai, eta ez da erraza hizkuntza hori, e! Baina, tira, badira gauza okerragoak mundu honetan. Liburua irudi ederrez apaindu duena Pedro Oses izan da.
Manu Lopez Gaseniren Paperezko bizitzak izeneko liburuan, Isabella gaztea literaturaren eta krimenaren arteko bidegurutzean suertatzen da halabeharrez. Susmagarria zaion idazle baten arrastoaren atzetik, kemenez ekin dio ikerketari, baina emaitzak ez dira inondik ere espero zituenak. Ilustrazioak Josemy Goyenarenak dira.
Argitaletxean berak ere jakinarazi digu Atxagaren Seven Houses in France eleberria, 2011ko atzerriko liburu onenen zerrendan dagoela Erresuma Batuan. Honezkero, 2012. urteko Independent Foreign Fiction Prize sariketako 15 finalistak jakinarazi dira. The Independent egunkariak urtero antolatzen duen sariketa da, nazioartean zeresan handia sortzen duena, eta urtean zehar Erresuma Batuan argitaratu diren atzerriko libururik onenak saritzen ditu. Finalisten artean Bernardo Atxagaren Seven houses in France eleberria dago aurtengoan.
Zorionak argitaletxe eta idazlearentzat!



