ARTEA

Mendekotasun sozial, politiko eta kulturalaren tresnak

Cristina Lucas artistak (Jaén, 1973) On Air erakusketa paratu du Bilboko Rekalde aretoan, hegan egiteko aspaldiko ametsa abiaburutzat hartuta. Gai horri heldu dio mendekotasuneko eta botereko tresnei buruz hausnartzeko. Erakusketa uztailaren 11tik urriaren 13ra ikusi ahalko da.

Oinarri horretatik bestelako bideak ere jorratzen ditu: “Hegan egin, goitik munduari begira jarri, eta ikusi, gaur egun, teknologia berrien bidez, bonbak jaurti ditzakegula hemendik oso urrunera, bonba horien helburuarekin batere lotura emozionalik izan gabe”.

Mendekotasun sozial, politiko eta kulturalerako tresnak, eta tresna horiek ezartzen dituzten mugak dira Cristina Lucasen lanaren ardatzak. Besteak beste, erlijioa, generoko politikak eta patriarkatua bezalako gaiak landu ditu maiz, kasu honetan bezala, instalazioak eta bideoak (Piper Prometheus titulupean) eginez.

Adibidez, From the Sky Down bideo-instalazio hirukoitzean, hegazkintza asmatu zenetik biztanle zibilen gainean egindako aireko bonbardaketa animatuak jasotzen dira.

Cristina Lucasen lanean, etengabe agertzen da kartografiarekiko interesa, ezkutuan dagoen hori argitara ateratzeko eta botere-harremanen molde guztiak eta norbanakoarengan duten eragina ikustarazteko

Erakusketa hau omenaldi berezia da, “Gernikako herriari eta Picassoren margolanari egindako gorazarrea”. Artistaren hitzetan, “gizateriaren historian barrena izan diren Gernika guztiak bere baitan biltzen dituen Gernika da”.

Lucas Madril eta Amsterdam artean bizi da, eta bi hiri horietan lan egiten du. Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta masterra egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean, Irvinen. Amsterdameko Rijksakademieko egoiliarra izan zen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button