LITERATURA

Eako poesia egunak

Hamar urte iragan dira poesiaren inguruan lagun talde bat Ea herrian bildu zenetik. Eta hamar urte horietan, ekimenaren ezaugarriak aldatu dira, eta apurka-apurka literaturaren inguruan sor daitekeen topaketa osatuenetako bat bilakatu da.  Uztailaren 19tik 21era egingo den aurtengo edizioa aurkeztu du Herrijeri emon arnasa kultura taldeak.

Ideia baten inguruan egin da beti antolaketa. Aurten poesiak zer esana duen bizi dugun egoera sozio-ekonomikoaren aurrean ikertuko da hainbat ekitaldiren bidez. Hortik dator G. Arestiren aipua: Ikusgarria da hemen bidegabea.

Urtero Arestiren obraren berrirakurketa bat proposatzen da. Aurtengo edizioan,  Arestik 1967an Hernanin egin zuen hitzaldiaren gaineko antzezlan dramatizatua egingo du Patxo Telleriak, barikuan, 19:30an, Euskararen izen poetikoak izenpean, eta jardunaldion ateak zabalduz.

Sorkuntzak sekulako garrantzia hartzen du egun horietan. Beren beregi sortutako testuak plazaratzen dira berton. Aurten, Mikel Antzak idatziriko Sumak Kawsay izeneko testua ardatz hartuta, Mikel Martinez eta Iñaki Ziarrustak ikusgarri bat sortu dute. Testu hori ere, urtero Ea herrian plazaratzen den Zaldiarri argitalpen artatsu, interesgarri eta bereziaren protagonista izango da. Diogun bezala, Fresneko espetxetik idatzi du Mikel Antza idazleak.

Poesia izaten da egunotako gune preziatua. Urtero argitaratzen diren lanen egileak pasatzen dira kostaldeko herritik, errito bereziz kateatutako sintagmak irakurtzera. Aurten poeta-irakurle gonbidatuak Rikardo Arregi, Hedoi Etxarte eta Fabiana Boer izango dira, eta eurek egingo dute larunbat arratsaldeko Idazleak irakurle izeneko saioa Apikalen.

Literatura  eta arteari buruzko teorizazioa ere ez da faltako. Fabiana Boer adituak Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde-indartzea izeneko hitzaldia botako du uztailaren 20an goizean.

Beste aldetik, Eako espazioa naturalak biziki estimatzen dituzte herritarrok. Urtero paraje, txoko edota ibilbide bat erakusten da. Aurten itsasertzean dagoen burdinola zaharra berreskuratu da eta bertan ere Urrats galduen bidea interbentzio artistikoa egingo du Idoia Betarbidek.

Musika ere presente egon da urte hauetan guztietan, eta herritik euskal kantaririk esanguratsuenak iragan dira. Larunbat gauean, Deserriko kantak izeneko kontzertua egingo du Eñaut Elorrietak. Josu Bergarak eta The Playful Ensemble taldeak Lapatzatik itsaosure kontzertua ere eskainiko dute bariku gauean, Eskolapen.

Iparraldearekin geroz eta harreman handiago gorde nahi dute Poesia Egunak-ko antolatzaileek, eta hala, igandean ipar horri begira jarriko gara guztiok. Luzien Etxezarretak Poesia, Mailu eta Fereka izeneko hitzaldia egingo du igande goizean. Ostean, Kantuaren poesia kantaldia eskainiko du Eñaut Etxamendik.

Igandeko ateak eta aurtengo jardunaldiarenak ixteko, Oier Gillanek Elkartasun basatia liburuaren errezitaldia egingo du Metrokoadroka taldearen laguntzarekin.

Auzolanean eginiko topaketa ederra izango da aurtengo ekitaldia, poesiaren inguruan, Ea herrian.

Noiz eta non dagoen zerbait egiaztatu nahi baduzue, egin hemen kontsulta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button