LITERATURA

“Oraindik, orain eta oraingoz” emanaldia, Arriaga Antzokian

Poemak eta kantuak eskainiko dituzte Jon Basaguren musikariak eta Iñigo Astiz idazleak bihar, hilak 12, Arriaga Antzokian Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren barruan. Musika eta poesia uztartzeaz gain, sorkuntzari buruzko gogoetak ere partekatuko dituzte Oraindik, orain eta oraingoz izenburupeko emanaldian.

Musikari bat (Jon Basaguren) eta idazle bat (Iñigo Astiz) oholtzara igoko dira, musikak eta hitzek bat egiten duten proposamena luzatzeko. “Kantuek harrapatzen dute Jon Basaguren musikaria, eta antzera gertatzen zaio Iñigo Astiz idazleari ere. Izan ere, kantu bila joan, eta: poemak harrapatzen saiatu, eta poemek harrapatzen dute bera”.

Oraindik, orain eta oraingoz izenburuaz sortutako emanaldian beren azken disko eta liburuetako abesti eta poemak eskaintzearekin batera, “sorkuntzari eta orainaldia harrapatzeari buruzko hainbat gogoeta tartekatuko dituzte emanaldian”. Eta gainera umorea ez da faltako, umorearen atea zabalik izango baita une oro gogoetak zabaltzeko orduan. Hortaz, errezitaldi kontzertatua edota kontzertu errezitatua izango da biharkoa.

Jon Basagurenen ibilbidea oparoa da musikari bezala, bere Izaki Gardenak proiektuak erakusten duen bezala, non popa, folka, eta bestelako estiloak maisuki lantzen dituen. Iñigo Astizek, berriz, testuak sortzeko gaitasun paregabea erakutsi du. Makina bat lan eder publikatu ditu eta bereak dira Lauaxeta saria edo Euskadi saria. Berria egunkariko kultur-kazetari lanak egiten ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button