BESTELAKOAK

Oihaneder Euskararen Etxeak negurako egitaraua prest du

Oihaneder Euskararen Etxeak 27 jardueraz osatutako programazio anitza ondu du. Musika, erakusketak, filmak, ikastaroak eta bestelako jardunaldiak antolatu ditu datozen asteetarako eta gainera, hiru hitzordu berri: Hiruerreketa: euskararen arte-urak erakusketa, Ahoskera Laborategia eta TopAraba.

Musikaren atalean, hitzordu ugari izango dira aukeran: Lorea eta Maialen Aristegi gazteak izango dira Egin Leku! deialdiaren baitan oholtzara igoko direnak. Eskilarapeko Soinuak zikloan, Ainhoa Larrañaga, Ekiza eta Raitx arituko dira.
Ikuskizun hibridoak ere oholtza gainean izango dira, hala nola, Txakur Gorria kolektiboarena,  edo Mikel Sotok eta  Pettik egingo dutena. Gainera, Kamikaz kolektiboko Erika Olaizaolak Panpina antzezlana aurkeztuko du.

Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean Hitz Adina Mintzo, hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak aurrera jarraituko du, eta Anhitzak egitasmoak Gasteizen bizi den hizkuntz aniztasuna ikertuko du.

Ikus-entzunezkoei dagokienez makina bat film ikusiko dira: Filmazpit zikloaren baitan, L´Atelier, Integrazioaren Nazioarteko Egunari lotuta; The Human Library, eta Dilili a Paris, 2018an animazio film onenaren Cesar saria lortu zuen Michel Oceloten filma. Bigarren eskaintza, Oihanederrek GEUrekin elkarlanean antolatzen duen Begi Belarri dokumental sortari dagokiona izango da: Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat; Erraiak, Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen dituena eta Caminho Longe, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bidea hartzen dueneko kontakizuna.

Ohiko ziklo eta jarduerez gain, hiru egitasmo berri dira Oihanederren egitarauan nabarmendu beharrekoak: Ahoskera Laborategia, UEUrekin elkarlanean, eta hainbat eragileren eta erakunderen laguntzarekin, euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia izango da; Hiruerreketa: euskararen arte-urak erakusketari dagokionean, berriz, euskaraz sortzeak dakarren zailtasunaren eta deserosotasunaren inguruko hiru gogoeta artistiko, Zaloa Ipiñak, Zirikak eta Bigarakoek ekarriak; eta TopAraba, Araban euskarazko sormen esparrua sustatzeko egitasmoa. Hortxe, Xabier Gantzarainek, Harkaitz Canok eta Amançay Gaztañagak hitzaldiak eskainiko dituzte.

Informazio guztia Oihaneder Euskararen Etxean topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button