
Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibak sormen egonaldietan izena emateko bigarren deialdia egin du. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 16tik uztailaren 14ra izango da.
“Azken urteotako esperientziaren ostean eta Dinamoa sormen gunearen abaroan sormen egonaldi hauen deialdia ondu dugu diziplina orotariko sortzaileei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzeko”.
Deialdia “esku artean sormen proiektu bat duen sortzaile orori irekia dago. Edozein arte-diziplinatara irekia, bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dionarentzat. Prozesuaren edozein fasetan egonik ere denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea da deialdi honen asmoa”. Eta are gehiago, “euskarazko antzezlan bat landu asmoa duten antzerkigile orori zabaldutako deialdia da hau. Bakarka zein modu kolektiboan sormen prozesuaren edozein fasetan antzerki obra bat ontzen ari denari”.
Egonaldiak irailaren hasieratik abenduaren amaierara gauzatuko dira Dinamoa Sormen Gunean.
Informazio gehiago hemen kontsultatu ahal duzue.