BESTELAKOAK

60. Durangoko Azokan proposamenak aurkeztu ahal dira

Abenduaren 5etik 8ra garatuko den Durangoko Azokaren egitaraua osatzeko eta aurtengo edizioan ere ekitaldi sorta aberatsa eskaintzeko asmoz, kultura-eragileek urriaren 6ra bitartean erregistratu ahalko dituzte proposamenak.

2025ean euskaraz kaleratutako lanak aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokaren guneetan: Ahotsenean liburu eta diskoak;  Irudienean ikus-entzunezkoak, Kabian teknologia berriekin lotutako hitzaldiak, Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musika, Szenatokian dantza, antzerki eta bakarrizketak, pieza laburretan, eta Talaian literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.

Horrez gainera, aurten ilustrazioen erakusketa bat ere antolatuko da, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak (liburuetan, aldizkarietan, disko azaletan, ikus-entzunezkoen karteletan…) ikusgai jartzeko. Horretan parte hartzeko interesa duten sortzaileek ere proposamena bidali ahalko dute izen-emateen ataletik.

Durangoko Azoka abenduaren 5ean hasiko den arren, aurretik sortzaileentzako beste plaza batzuk ere eskainiko dira, eta hala, DA! PRO topaketan parte hartu ahalko dute musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituztenek. Bestetik, aipagarria da aurten Zu Non, Han DA! egitasmoa azokaren aurretik abiatuko dela Euskal Herriko liburu-dendetan, eta liburu aurkezpenak ere aurreko bi asteetan egingo direla.

Azkenik aipatu behar da erakusmahaiak eskatzeko epea irailaren 30era arte zabalik izango duzuela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button