LITERATURA

“Bihurguneko nasa”, “Barruko hotsak” eta “Irrimola”, Euskadi Literatura Sarien irabazleak

Hiru emakume izan dira 2022ko Euskadi Literatura Sariak lehiaketaren lehen irabazleak. Euskarazko Literatura atalean, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa (Susa, 2021) lanak eskuratu du saria; Euskarazko Haur eta Gazte atalekoa, Leire Bilbaoren Barruko hotsak (Pamiela, 2021) poesia-lana izan da aukeratua; eta Ilustrazio Sailean, berriz, Maite Mutuberriaren Irrimola (Ikaselkar, 2021) proposamena izan da irabazle.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako ekimenaren gainerako ataletako irabazleak datorren astean iragarriko dira, hain zuzen, Gaztelaniazko Literatura Saria,  Euskarazko Literatura Itzulpena eta Euskarazko zein Gaztelaniazko Saiakera atalen irabazleak. Guztira, zazpi lan aukeratuko dira eta bakoitzak 18.000 euroko saria izango du. Beste 4.000 euro eskura ditzakete, gainera, beste hizkuntza batean argiratzen badira.

Euskarazko Literatura atalean, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa narrazio lan irabazleak kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez hitz egiten du, arrotzaren aurreko izuaz, dantza-gogoaz, familia loturez. Ironiaz zorroztutako bederatzi ipuinak beldurraz eta epikaz ari dira. Egileak modu horretan, sarri antzemanezinak diren eguneroko indarkeriak azaleratu nahi izan ditu.

Euskarazko Haur eta Gazte Literatura atalean, bestetik, Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk lanarekin, jarraipena ematen dio Leire Bilbao idazle ondarroarrak Piztipoemak eta Xomorropoemak (Euskadi Saria 2017) haur-poesian irekitako bideari. Orduko protagonistak piztiak eta zomorroak baziren, inguratzen gaituzten eguneroko soinuak dira oraingoan hizpide. Belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko proposamena dakar Leire Bilbaok. Hala, “poesia bisuala da, errimak eta erritmoak uztartuz, kaligrama  generoan murgiltzen gaituena”, epaimahaiaren aburuz.

Ilustrazio Saria, halaber, Maite Mutuberriak eskuratu du. Irrimola lana 0-4 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako album ilustratu bat da. Poza du abiapuntutzat eta hortik abiatuta, ohiko albumaren kontzeptua hautsi eta formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat sortu du, non konposizioak berak irakurketarako, esperimentaziorako eta jolaserako gonbitea luzatzen duen.

2022ko Euskadi Literatura sari banaketa ekitaldia azaroaren 24an izango da, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan.

Informazio gehiago duzue euskadi.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button