LITERATURA

“Milwaukeen”, Iñigo Barbanchoren liburu berria

Obra fragmentarioa dugu Iñigo Barbancho Galdós-en Milwaukeen (Hiria Liburuak) lehen literatur lana, genero ezberdin anitz jorratzen dituen atal-sorta. Nobela-taxua aurkituko dio zenbaitetan irakurleak, bai baitaude pertsonaiak: espiritualtasun berezi baten jabe diren funanbulistak; estreinako etxe batean agertu berri den fantasma klasikoa eta harekin hizketan diharduen gorputza; eguzkiaren heriotzaren beldur den munstroa edo barrena husturik kalerik kale konkabo dabilen milwaukeetar malenkoniatsua, …

Beste batzuetan, ordea, poema-liburu baten aurrean ez ote dagoen susmoa piztuko zaio testuan murgiltzen denari, narrazio zuzena hautsi eta bertso-lerroak isurtzen baitira ezustean prosaz idatzitako pasarteetatik.
Ez ote da saiakera?, itaunduko du geroz eta zalantzatiago, gogoeta pasarteak ere tartekatzen direnez gero.
Eta, gutxien espero duenean, izen zerrenda soil bat topatuko du, letania arkaiko baten pareko, eta klasifikazio oro bertan behera uzteko askatasuna sentituko du.

Jon Kortazarren hitzaurrean honela aurkezten da liburua: “Julio Cortázarren (1914-1984) Rayuela nobela erraldoiaren 50. urtemuga betetzen da testutxoa idazten dudan egunotan. Rayuelak irakurlea ulertzeko mota berria asmatu zuen. Eta irakurketa modu bi eskaini zizkion irakurleari: edo zuzen-zuzena, orrialdez orrialde bidaiatzen duena, edo zatikakoa, gairik gai joango litzatekeena, obra beretik obra bi sortuz eta agertuz horrela. Nire iritziko horrela irakurri dezakegu Milwaukeen: era zuzenean, orrialdeek agintzen duten hurrenkeran, edo zeharka eta gairik gai joanez”.

Iñigo Barbancho Galdós (Donostia, 1982) Literatur Teoria eta Literatura Konparatzailean doktoratu zen 2009an. Bigarren Hezkuntzako irakasle, Nafarroako Unibertsitatean ere jardun du Filosofia eta Letretako Fakultatean. CSIC erakundearen eskutik, Mundos perdidos: una aproximación tematológica a la novela postmoderna, 1980-2005 saiakera plazaratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button