
Archie Shepp (1937, Florida) piano eta saxofoi jotzaile mitikoak kontzertua emango du urriaren 23an Bilboko Elkarte Filarmonikoan, 20:00etan. Jazz musikaren ikerketa eta dibulgazio arloan egindako lanagatik da gehien bat ezaguna Shepp. Kontzertua 365 Jazz Bilbao egitarauaren baitan dago.
Jazz musikaria Fort Lauderdalen (Florida) jaio zen. Bere musikan musikari klasiko eta handien oihartzuna entzuten da, hala nola, Theloniuous Monk, Duke Ellington eta Charles Mingus. Hala, emanaldietan beste musikari batzuen doinu ezagunak bere pieza propioekin uztartzen ditu.
Honela dago Sheep definituta Jazz hiztegian (Robert Laffont, Bouquins): “Goi-mailako artista eta intelektuala, Archie Shepp aitzindari izan da Jazz Avant-Garde libertarioaren mugimenduan eta gai izan da bat egiteko jazzaren korronte nagusiarekin, bere estetikari eutsita beti ere”.
Sheppen eperik emankorrena 60ko hamarkada izan zen. Izan ere, 1964az geroztik, 17 grabazio egin zituen Impulse jazz zigilu mitikoarekin. Four For Trane, Fire Music eta Mama Too Tight dira bere lan garrantzitsuenak.
Horretaz gainera, John Coltranerekin lankidetzan, Ascension abangoardiako lan ezaguna grabatu zuen. 1969an etnomusikologia irakasten hasi zen Massachusettseko Amherst hiriko Unibertsitatean.