ARTEA

Natura basatian bete-betean murgiltzeko aukera

Tabakalerak Carlos Casas (Bartzelona, 1974) zinegilearen Mutia aurkeztu du, Scala proiektuaren baitako bosgarren lana. Betiko legez, Tabakalerako eskailera nagusiaren inguruan izango da soinu-instalazioa, eta bisitariak natura basatian bete-betean murgiltzeko aukera luzatuko du.

Tabakalerak adierazi duen moduan, “Soinu-lana Cemetery (Carlos Casas, 2019) filmaren prestaketan jasotako ikerketa- eta artxibo-materialen bilduma batetik abiatuta osatu da, eta guztira 13 ordu irauten duen soinu-instalazio bat osatzen dute. Pieza honek, zehazki, filmaren oinarri den elefante mitologikoen hilerria inguratzen duen irudizko oihan bat ekarriko digu gogora. Instalazioa sortzeko erabilitako teknika nagusia landa-grabazioa izan da eta teknika hori erabili zen, hain zuzen ere, Sri Lankako hainbat lekutako soinuak jasotzeko. Grabazioak egin ziren ordutegia bat etorriko da Tabakaleran soinu horiek emitituko diren ordutegiarekin. Hau da, adibidez, goizeko 9:05ean jasotako soinuak ordu horretan bertan entzun ahal izango dira eskailera nagusian, egunero. Horrek soinu-paisaiaren estetikaren berezko murgiltze-sentsazioa zabaltzen du.”

Piezarekin batera hainbat elementu grafiko agertzen dira: “beheko aldean, bost metroko horma-irudi bat ikus daiteke, instalazioaren partitura, hain zuzen ere. Gainera, eskaileraren ezkerraldean, irudi ugariz osatutako horma-irudi bat ageri da; Casas berak elementu hori erabili zuen Cemetery filmaren sortze-prozesuan zehar elementuen arteko erlazioak egiteko, besteak beste. Eskaileretan gora egin ahala, Tabakalerako antzinako ate hormatu baten gainean (orain beltzez margotuta instalaziorako), elefante baten koklea ikus daiteke, diagrama zuri bihurtuta. Koklea soinuaren sentsazioa eragiten duen belarriaren zatia da.”

Carlos Casasen Mutia da Scalaren baitan aurkeztutako bosgarren pieza, Pauline Oliveros, Niño de Elche, Maialen Lujanbio eta Juan Perez Agirregoikoaren soinu-instalazioen ondoren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button