ESZENA

Arriaga Antzokiak antzerkiaren piezarik onenak bilduko ditu datozen hilabeteetan

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak 2021-2022 denboraldiaren eduki nagusiak aletu dituzte gaur goizena burutu den prentsaurrekoan. Programazioan, euskal konpainien estreinaldiak, dantza, musika kontzertuak, eta nazioarteko artisten ikuskizunak batuko dira.

“Bilbo zutitu egin da, bere susperraldia hasi da, eta Arriaga Antzokiaren programazioa horren adibidea da” adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak bere aldetik oso denboraldi berezia izango dela hau, esan du “aurrerago bizi izan dugunarengatik”. Baina helburuak bere horretan dirau: “bertako artistekin iraungo duen zerbait sortzea”.

Hortaz, azarotik aurrera eta datorren urteko martxora arte eskainiko diren ikuskizunen berri eman du Bieitok. Nabarmentzekoa da Bieitok berak zuzendutako antzerki proiektu garrantzitsu bat: William Shakespeareren tragedia historikoak. Obraren izenburua Erresuma/Kingdom/Reino da, eta euskaraz 2022ko otsailaren 10etik 13ra oholtzaratuko da. Euskarazko bertsioa interes handikoa izango da, Bernardo Atxaga arduratu baita duela urte asko Larrakoetxeak egin zuen euskarazko itzulpenaren egokitzapen poetikoaz.

Aipagarria ere bada abenduaren 22an, Calixto Bieitok zuzenduko duen beste proposamen bat: Johann Sebastian Bachen Gabonetako Oratorioa, Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera. Arriaga Antzokiak beste antzerki proiektu batzuetan parte hartu du: Valle-Inclánen Luces de Bohemia, P6k bultzatutakoa eta Ramon Bareak zuzendutakoa, edota Hika Teatroa konpainiaren La Tarara.

Euskarazko lan batzuek ere tokia izango dute programazioan, hala nola, David Cuiñaren Fake, begiari tranpa edo tranpantojo, Gorka Mínguezen zuzendaritzapean. Edo Tanttaka taldearen Semea pixka bat motelago dabil soilik izenekoa. Gainera, Tartean Teatroak Alderray. Tranperoa, pertsonen ehiztaria obraren estreinaldia egingo du martxoaren 9an eta 10ean. Goikoez gain, Marie de Jongh konpainiak Ama izeneko lana egingo du martxoaren 5ean eta 6an, eta Khea Ziater konpainiak Winona & Grace antzeztuko du martxoaren 22an eta 23an.

Musikaren esparruan, Arriagak Bilbaína Jazz Clubek antolatutako BJC Arriagan zikloan parte hartuko du, eta mailarik handieneko kontzertuak eskaintzen jarraituko du. Baina jazzaz gain, musikari handien presentzia ere bermatu da Arriagan, hala nola, Noa abeslari israeldarra, Philippe Jaroussky kontratenorea, Dvořák-en Stabat Mater konposizioa ederra, Familiei zuzendutako Hurkus & Laika: bi istorio (testuak Joxemari Iturralderenak eta Bernardo Atxagarenak dira), edo Ruper Ordorika maisua.

Dantzak ere protagonismo handia edukiko du, eta adibidez, Krego-Martin Danza konpainiak Charadas ikuskizuna eskainiko du, Ballets Olaetak Suare pieza berria antzeztuko du Ama Lurra bere errepertorioko klasikoarekin batera. Eta azkenik, beste askoren artean, Eva Guerreroren lan berria oholtzaratuko da LOF Ladies on Fight izenekoa.

Denetarik, eta maila handikoa, Arriaga Antzokiaren programazioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button