BESTELAKOAK

Gaur ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna

Liburuaren Nazioarteko Eguna gaur izango da hainbat tokitan eta mila ekimen antolatu dira horrexegatik. Aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi egin dira egun garrantzitsu honen kariaz. Hala, joan den astean, Bilbon, Liburuaren Gaua egin zen eta idazle, instituzio eta kazetarien lana saritzen duten Paperezko Argitxoak sariak eman ziren. Mari Jungstedt, Iñaki Uriarte eta Arturo Garcia idazleez gain, euskal literaturari dagokionean, Goizalde Landabasok jaso zuen saria Bränskint lanagatik.

Joan den barikuan ere, 71 arte-zentro eta museo BookCrossing-eko esperientzia batean elkartu ziren. 5.000 liburu baino gehiago askatu ziren. Espainiako 64 museok eta mundu mailako zazpik hartu dute parte; horien artean, Euskadiko zenbait museo egon dira; adibidez, Gasteizko Artium, Donostiako San Telmo Museoa edo Bilboko Arte Ederren Museoa.
Laugarren urtez jarraian egin den ekimen honi esker, 5.000 liburu baino gehiago jarri dira zirkulazioan, topatzen dituztenek irakurketaz goza dezaten eta munduko beste lekuren batean askatu ditzaten berriro.

Tolosan, esaterako, apirilaren 21ean Liburuzaina estu eta larri ikuskizuna eman zuten eta bertako Haur Liburutegian, apirilaren 2tik 23ra, Andersen-ek idatzitako Izeia ipuinari buruzko erakusketa dago ikusgai.

Oñatiko Udal Bibliotekak, apirilaren 24an, Pako Aristiren Euskal Herria: errealitatea eta utopia hitzaldia antolatu du, 19:00etan. Apirilaren 25ean, Kezkamuxelak liburuan oinarritutako tailerra, 6-8 urte bitarteko haurrentzat, 17:30ean egongo da.

Gaurko egunari dagokionean, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak eta Liburu-denden Elkarteak Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Apirilaren 23an, astelehena, Gipuzkoa Plazan, ohiko Liburu Azoka egingo da, eta Liburuaren Eguneko egitaraua apirilaren bigarren hamabostaldian zehar luzatuko da hainbat ipuin kontaketa, txotxongilo, literatur solasaldi, eta liburu aurkezpenekin. Hala, gaur, Intxaurrondoko Kultur Etxean, Ines Bengoa aktorearen eskutik, Gezurra ala egia? ipuin narrazioa izango da. Eta bihar, apirilak 24, 19:30ean, Ernest Lluch Kultur Etxean, Biodiskografiak-Irakurraldi bat, Xabier Montoia, Ibon Rodriguez eta Iban Zalduarekin.

Gaur, beste aldetik, Bilboko Berastegi kaleko Karpan, Liburu Eguna egingo da 09:00etatik 21:00etara eta hor, Toti Martíinez de Lezea, Jon Arretxe, Jon Bilbao, J.J. Abasolo, Felix Modroño, Juan Bas, Alex Oviedo, Iñaki Uriarte, Goizalde Landabaso, Pedro Ugarte eta beste idazle batzuk izango dira egunean zehar. Honetaz gain, Bilboko Bidebarrietako liburutegiak liburu digitalari buruzko hitzaldi-solasaldia jasoko du. Kepa Torrealdaik, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteko buruak, Julen Arrizabalagak, e-Guneako arduradunak eta Fernando Morillo idazleak hartuko dute parte.

Gaur ere jarriko da martxan Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren seigarren edizioa. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu. Egitasmoa tokian tokiko euskaldunon elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker jarriko da martxan eta herrietako eragileen arteko harremana bultzatzea ere badu helburu.

Beste aldetik, egun berezi honekin ia bat eginez, aurtengo Kritika Sariak jakinarazi dira. Harkaitz Canoren Twist eleberriak (Susa) irabazi du euskarazko narratiba arloan, eta Aritz Gorrotxategiren Hariaz beste lanak (Erein), euskarazko poesian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button