LITERATURA

May Ayim eta Raymond Carver poeten antologia berriak kalean dira

Munduko Poesia Kaierak bildumak May Ayim eta Raymond Carver poeten antologiak plazaratu ditu. Gaur goizean, Beñat Sarasola bildumaren editorea, eta Garazi Ugalde Pikabea eta Harkaitz Cano itzultzaileak lanen gaineko xehetasunak emateko bildu dira prentsaurrean.

May Ayim (1960-1996) idazlearen itzulpenak Garazi Ugalde Pikabeak egin ditu. May Ayimek Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egiteko dohaina zuen. Halaxe azpimarratu zuen XX. mende akaberan arrazakeriak, sexismoak, lodifobiak eta abarrek ere erraietaraino sartuta jarraitzen zutela Alemanian, nahiz eta Holokaustoaren garaikoa bezain agerikoa ez izan. Ayimen poesiaren ezaugarrietako bat horixe baita, zapalkuntza ezkutu horiek soslai intersekzionaletik begiratu eta azalaraztea, eta beti ere, hitz justuen erabilera da bere bertuterik apartenetako bat.

Harkaitz Canok itzuli du Raymond Carver (1938-1988) poeta handiaren lana. Ipuingile handia izateaz gain poeta bikaina izan zen Carver  eta bere poema narratiboak hunkigarriak dira oso. Errealismo zikinaren arima zela esaten dute adituek. “Carverrek bere (balizko) ni errealetik hur idazten zituen poemak, eta erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua”.

Kaierak ezagutu nahi badituzue, hementxe dituzue

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button