MUSIKA

Joseba Irazoki eta Lagunak, Herena eta Rukula, Andoaingo Gaztetxean

Larunbatean, Andoaingo Gaztetxean, kartel interesgarria osatuko dute Joseba Irazoki eta Lagunak, Herena eta Rukula taldeek. Andoaingo Gaztetxearen arabera, “sekulako hiru talde izango ditugu”. Siriako errefuxiatuen aldeko kontzertua izango da.

Joseba Irazoki Berako musikari ezaguna Lagunak taldearekin arituko da, izenburu bereko diskoa aurkezteko asmoz, 2014an argitaratua, Bidehuts markapean. “Zenbait aldaketen ondoren, Felix Buff bateria joleak, Borrokan taldeko Ibai Gogorza gitarristak eta We Are Standard taldeko Jaime Nieto baxu jotzaileak osatzen dute gaur egun Josebaren taldea”.

Herena, berriz, Andoaingo Gaizkiñe taldeko zenbait kidek abiatutako proiektua da. 1990ko hamarkadako rock alternatiboaren inguruan eraikitzen da andoaindarren proposamena. “Hainbat kontzertu eman dituzte azken urteotan, eta gaztetxera bueltan datoz gure belarriak goxatzeko asmoz”.

Azkenik, Rukula Usurbilen eratutako taldea da, eta Andoaingoa haien bigarren emanaldia izango da. Gipuzkoarrek estilo asko uztartzen dituzte: rock instrumental, funk eta stoner. “Sekulako indarra eta jarrera dute taula gainean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button