LITERATURA

Gabriel Arestiren begiradapean

Loraldia Festibalak Gabriel Arestiren izena eta lana gogora ekarriko ditu Gabriel Aresti Kultur Elkartearekin bat eginez. Hala, Bilbon dabil Gabriel Aresti izeneko ekimena abian jarriko da bihar, hilak 11, Karmelo Landa eta Xabier Monasterio adituen eskutik.

Antolatzaileek hala deskribatu dute ekimena: Goizez itsasontziz ibilbide gidatu bat antolatu dugu. Ibaizabal itsasadarrean zehar Bilboats ontzian Arestiren leku eta erreferentzien bila abiatuko gara. Abiapuntua poetaren etxean dago, Berroeta Aldamar kalean. Gertu dagoen Pio Baroja plazako ontziralekuan itsasontzia hartuko dugu. Bi orduko nabigazio honetan Bilboko plaza zaharra, Oteizarekin izan zuen harremana, Bilboko kaleekin zuen lotura, Zorrotzako portua… ezagutuko ditugu. Poemak eta paisaiak tartekatuko dira ibilbide emozional honetan. Amaieran, ontzilekutik Kafe Antzokira abiatuko gara oinez eta bertan eguerdian, mokau apal bat hartzeko aukera izango dugu.

Aipaturiko gidariez gain, ekintza honetan Mikel Martinez aktoreak teatro labur bat eskainiko du, Giovanni Boccaccioren Dekamerone lanean oinarritutako Zaldia Behorrarekin ipuina, bere garaian Arestik itzulitakoa. Iparraldetik etorritako Aire Ahizpak taldearen kantak ere entzungo dira. Miren Amuriza, Ines Osinagarekin batera, Arestiren kopletan arituko da, eta Sonia Gonzalezek testu literario bat eskainiko du. Arratsaldean Inun musikariak hainbat soinu haizatuko ditu Sergio Mayoralen laguntzarekin.
Bukatzeko, iluntzean, “Otxarkoagako auzora igoko gara. Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina idatzi zuen idazle bilbotarrak eta horregatik igoko gara auzo honetara, Arestiren iruditerian garrantzi handia duelako. Bertan arte bisualen bidez sormen berritzaile bat ikusteko aukera izango dugu: Loraldiak sortutako Otxarkoaga-Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezko laburra proiektatuko dugu.”

Egun oso bat Bilbori buruzko gogoeta egiteko, beti ere Arestiren begiradapean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button