MUSIKA

Eskean Kristö taldeak “urrezko sei ezkur” argitaratu ditu

Arratiako Eskean Kristö rock bandak Ezkurrik onenak izenburuko lana aurkeztu du gaur. Diskoak sei kantu biltzen ditu, hain justu, ordu erdi inguruko lana. “Urrezko sei ezkur dira, baina diskoaren iraupena luzea da, kantuak landuak diren seinale”, azpimarratu du Pello Artabe abeslariak.

Aurkezpen-ekitaldian taldekide guztiek parte hartu dute, Artabe bozeramaile bakarra izan den arren: “Aurreko lanarekin alderatuta oso diferentea da (disko berria), azkar-azkar eginda dago, zuzenean grabatuta eta inprobisaziorako tarterik gabe”. Bost eguneko grabazio-prozesu horren ondorioz, diskoa aurrekoa baino “sakonagoa eta sendoagoa” da, kantuak luzeagoak dira, eta ñabardura gehiago nabaritzen dira, esaterako, Ardigaldua kantuko perkusioak.

Estudioan, taldekide ohi Igor Delgado Martinezen laguntza izan dute; disko berria ekoitzi, grabatu eta masterizatu du. “Estreinakoz, ekoizle batekin aritu gara, eta kantuen alderdi guztiez arduratu da: anpliak, gitarrak…”.

Sei kantuok aspaldi idatzitakoak izangatik ere, taldeak grabatzeko premia zeukan. Horretaz gainera, zuzeneko errepertorioa osatzeko ere baliagarriak izango zaizkie.

Doinuotan influentziak agerikoak dira, hard-rock klasikoa, blues elektrikoa eta Detroit hiriko high-energy, besteak beste. “Eraginak nabarmenak dira, eta harrotasunez erakusten ditugu, musikariak baino musikazaleak baikara”. Hori dela eta, Baga Biga diskoetxearen promozio-orria erreferentziez josita dator: Rolling Stones, AC/DC, Black Crowes, Lynyrd Skynyrd, Ramones, besteak beste.

Kolaborazioen harira, kantuek eskatutako kolaboratzaileak eraman dituzte estudiora; tartean, Otsoa basati kantuan ahotsak sartu dituen Kokein taldeko abeslari Zaloa Urain. “Euskal Herriko rock-and-roll ahots onenetarikoa”.

Kontzertuen harira, boskotea prest dago urrezko sei ezkurrak aurkezteko zuzenean: Larunbatean, Aiherran izango dira; 23an, Gasteizko gaztetxean; 28an, Bilboko Kafe Antzokian, 30ean, Arrasateko Gaztetxean; maiatzaren 7an, Galdakaon egingo den Gazte Egunean, eta, azkenik, 21ean, Izarrako Urkarock-en.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button