ESZENA

“Uda Giro” kaleko arteen programa, Durangon

Durangon Uda Giro kaleko arteen programa antolatu da San Agustin Kultur Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen artean. Aurtengo Uda Giro ekainaren 22an hasi eta irailaren 2an amaituko da, eta guztira 14 ikuskizun egongo dira.

Arte eszenikoen programazio erakargarria eskainiko da, eta programa horren ardatzak kalea arte eszenikoak eskaintzeko aprobetxatzea, eta kaleko arteen erakusketa bat zabaltzea izango dira, izan ere, kalerako bakarrik sortutako ikuskizunek, aretoetan erakutsi ezin direnek osatuko dute egitaraua.

Denetarik egongo da, erakusketak, haurrentzako ikuskizunak, zirkua, musika, bertsolaritza, poesia eta antzerki emanaldiak. Horien guztien artean aipatzekoa da Volatineros izeneko ikuskizuna: “hodeien arteko zubia, ametsetatik zintzilikatutako haria, ilusiorako pasabidea… 10 metroko altueran dagoen 40 metroko kablea, kabletik zintzilik dagoen trapezio eta masta txinatar bat, eta zeru bidean dauden bi funanbulista, bi akrobata eta 3 musikari. Garaiera handiko ikuskizuna, diziplina anitzekoa, poetikoa eta bisuala ikusle guztientzat”.

Berrikuntza gisa, zirku garaikideko bi gau antolatu dira, “zirku ez-konbentzionala eta teknika akrobatikoaren eta edertasun artistikoaren nahasketa perfektua izateagatik bereizten diren ikuskizunak, kritikak eta publikoak bermatzen dituztenak”. Uztailaren 15ean eta 29an izango dira, Zirkozaurre eta Cía D ‘es Tro konpainien eskutik.
Haurrei zuzendutako ikuskizunak ere ez dira faltako, hala nola Mireia Miracle edo Hortzmuga teatroarenak.

Beste aldetik, uztailaren 26an, Ray Fernandez trobadore kubatarra izango da Durangon. “Sukaldeetatik atera zen, bere gitarra hartu eta patxadaz malekoian zehar punk-juglare erromantiko baten antzera ibiltzeko. Letra zorrotzak, bizarra aurpegian eta gandorra ariman, kale gorritik jaurtitako kritika, Ray bera izanik kalea, espaloia eta ertza.”
Beste proposamen musikal bat Jaime Alvarellos Correcher blues abeslari eta gitarra-jotzaileak ekarriko du. DRY bere bakarkako bigarren lana aurkeztuko du.
Eta bukatzeko Carbon Club ikuskizuna. Aktoreen keinuen bidez eta testua alde batera utzita, Markeliñek hizkuntza pertsonal bat aurkitu du, non musika emozioen haria den.

Programazioaren xehetasunak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button