LITERATURA

Karmele Jaiok gaztelaniara ekarri du “Musika Airean”

Bilboko Elkar liburu-dendan egon da gaur goizean Karmele Jaio gasteiztarra, Musika Airean lanaren gaztelaniazko bertsioa, Musica en el aire (Ttarttalo) aurkezteko. Amaren eskuak eleberria, bere lehen itzulpena izan zen, eta orain bigarrena dator, baina tartean Hamabost zauri eta Zu bezain ahul ipuin bildumetatik itzulitako 20 narrazio biltzen dituen Heridas cronicas izeneko itzulpena ere badago.

Gainera, Amaren eskuak eleberriaren arrakasta baliatuta, Mireia Gabilondok zinemarako bertsioa zuzendu du, laster batean hastekoa den Donostiako Zinemaldian estreinatuko dena.

Musika Airean itzultzerakoan berridazketa bat egin duela dio egileak, “itzulpen bat baino, ez baita literala, aldaketa batzuk egin ditut eta nolabait, berridatzi egin dut obra, izan ere, aspaldian idatzitako zure lan bat berriz hartzen duzunean, beste une batean zaude eta zure idazketa ere ezberdina da, eta horrek aldaketak dakartza. Gainera, itzultzea gauza aberasgarria da baian gogorra, izan ere zuk egiten duzuan, kanpotik, beste ikuspuntu batetik ikusten baita”. 

Giza harremanen eremu gatazkatsuetan aritzen da eroso egilea, pertsonen kontzientzia ezkutuetan murgiltzeko, eta mundu horretan mugitzen diren sentimenduak margotzeko. “Lan honetan bakardadeaz hitz egin nahi nuen, gure barruko musikaz, barruan daramagun monologo horretaz”.

Liburuan, maitasuna eta gorrotoa, zeloak, adiskidetasuna eta bestelako gaia tratatzen ditu egileak. Finean, gisa-harremanetan oinarritutako istorio gazi-gozoa, hurbila, hunkigarria eta zaratarik gabekoa, non irakurlea irakurketa unibertsalago bat eginez, identifikaturik eta harrapaturik sentitzen den.

Lan honetan hauxe kontatzen da: Leiho ondoan ematen du eguna Elenak, kalera begira, munduan egin beharrekoak eginda dituelakoan. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote, etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, baina, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikia.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez. Bi eleberri ditu: Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2009) eta bi ipuin bilduma: Hamabost zauri (2004) eta Zu bezain ahul (Elkar, 2007). Ez naiz ni izan da bere azken lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button