LITERATURA

Titulu berriak gazteentzat

Elkar argitaletxeak liburu berriak plazaratu ditu gazteentzat, irudimena pizteko asmoarekin.

Gaizka Arostegik Karlisten Altxorra idatzi du. Alex eta Irati dira abenturazko eleberri honetako bi protagonista gaztetxoak. Alex udako oporraldian Baztango familia batengana bidaltzea erabaki du aitak; ikasturte osoa alperrik galdu du. Bere jarrera zuzentzeko ohiko girotik kanpo egun batzuk ematea ongi etorriko zaiola uste du, hau da, Irati eta bere amaren etxean. Lan honen irudiak Julen Ribasek egin ditu.

Moradero da Gus Jimenez Vaquerok idatzi duen lan zoroa. Moraderoko biztanleek, beren erloju bereziei esker, denbora galdu beharrean, irabazi egiten dute. Eta horregatik, Juneri Saalengandik urruti igarotako denbora oso luze egin bazaio ere, berez, Moraderon ez da horrenbeste denbora igaro. Demeter du izena erloju zoragarri hauen egileak.

Gabonak iritsi dira, eta Eki gaixotu egin da, medikuek antzematen ez dioten gaixotasun arraro batekin. Haren arreba Izadik susmoa du Eki eta bere lagun Martxel jolasean ibili diren Lindozuloko putzuak izan dezakeela zerikusiren bat gaitzarekin. Bere kasa ikertzen hasten da, eta hainbat sekretu joango da deskubritzen. Horixe kontatzen da Ramon Olasagastik idatzi duen Sugaar izeneko lanean.

Printzesa guztiek dute bere ipuina titulu ederdun lana, Antxiñe Mendizabal eta Maite Gurrutxaga (Ilustratzailea) bikoteak egin dute. Jakina da printzesa guztien eginkizun ia bakarra itxarotea dela, baina Raisaren jakin-mina handia da, eta bere ametsaren bila abiatu nahi du lehenbailehen. Basamortuarekin egin izan du beti amets.

Titulu hauez gain, Nontzeberrin ere Pello Añorgaren Handia naiz, Xabier Mendigurenen Printzesa Txizontzia, Leire Bilbaoren Doministripu jauna, Alaine Agirreren Letra txarra daukat eta zer? lanak jaso ditugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button