MUSIKA

Rockaz eta ronaz bete du Ze Esatek! taldeak bere azken lana

Hamar lagunez osaturiko Ze Esatek! bandak Rock & Ron (Oihuka) bere bigarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Disko potoloa da. Izan ere, propio grabaturiko hamar kantua, han eta hemen sakabanaturiko beste lau, tartean, DZ disko jartzaileak eginiko erremixa, eta DVDa biltzen ditu.Azken horrek, iaz Kuban barrena eginiko kontzertuetan bizitakoa biltzen du. Horrez gain, Kilometroak jaialdiko kantuaren klipa eta abestien hitzekin eta argazki umoretsuekin josiriko liburuxka ere badakartza. Guztia, edizio mugatuan.

Aurkezpen ekitaldian izan diren taldekideek azaldu dutenez, aurrekoa baino lan rock zaleagoa da, eta gitarren presentzia handiagoa da. Horretaz gain, Haritz Harreguy teknikariaren “ukitua” nabaritzen da. “Disko indartsuagoa da, halere, estreinako diskoaren esentziak bere horretan jarraitzen du”. Grabazioa Higain estudioan (Usurbil) egin dute aurtengo iraila eta urria bitarte.

Kantuetan jorratu dituzten gaiei buruz, euren inguruko kontuak dira, beti ere tonu umoretsuan. Hitzetan Sarrionaindiaren eta Jose Luis Otamendiren olerkiak moldatu dituzte, besteak beste. Halere, argi utzi nahi izan dute umorea eta ironia haientzat oso garrantzitsuak direla hitzetan eta musikan. “Zuzeneko taldea gara, entseatzeko, esate baterako, arazo asko ditugu, eta gure proposamena festarako da, umorea eta parranda giltzarriak dira gure musikan”.

DVDari dagokionez, iaz Kuban eginiko kontzertuetan aurkituriko errealitatea islatzen saiatu dira. “Ikusteko erraza da eta espiritu solidarioa dauka, kulturala da, ez bakarrik musikala”. Bertako jende eta musikariak sarritan agertzen dira. Kuba ezagutzeko unean Katia izeneko laguna funtsezkoa izan dela nabarmendu dute. Haiekin kantatu ez ezik, lurralde hartako errealitatea erakutsi zien, “bere gurasoen etxea ezagutzera eraman gintuen, hango errealitatea ezagutzeko”. Neska kubatarraren omenez, gainera, Katia izeneko kantua jaso dute azkan lan honetan.

Diskoa eskuragarri izango da Durangoko Azokan. Ez hori bakarrik, abenduaren 5ean Ahotsenea gunean izango dira eguerdi partean, eta gauean Plateruena berotzen ibiliko dira. Aurretik, abenduaren 3an, Donostiako DOKA antzokian izango dira. Abenduaren 17an, berriz, Hazparnen izango dira. 2012 urtean ere jo eta su ibiliko dira: 7an Hatortxu Rock jaialdian joko dute eta 28an Tolosako Bonberenean.

Governorsek ere disko berria

Bestalde, Governors hard rock gipuzkoarrak ere lan berri bat aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Boskote rock zalearen lanak Collage du izenburua eta Mauka Musikagintzak argitaratu du.

Hirugarren disko bat ere aurkeztua izan da gaur Bilbon: Carlos Velasco jazz musikari basauritar beteranoaren Muy Personal diskoa. Lan hori Errabal diskoetxek plazaratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button