MUSIKA

Mikel Laboa metal doinu gordinez

Donibane Lohizuneko Ztah taldeak Aska nazazu izeneko bigarren diskoa plazaratu zuen joan den urtean. Metal doinu gordinak eta hardcorea uztartzen dituzte Iñaki (ahotsa), Jon (gitarra), Gixer (gitarra), Bruno (baxua) eta Oier (bateria)  musikariek. Beren hitzetan, egurrarkore musika estiloa egiten dute. Handik hona lanean ibili dira eta egunotan taldearen Gure bazterrak abestiaren bideoklip berria aurkezten dabiltza. Hemen ikus daiteke.

Disko berriak bederatzi kantu ditu eta horietako bat nabarmendu ahal da: Mikel Laboaren Gure Bazterrak. Lapurtarrek kantu ezagunaren moldaketa berria egin dute.

Hamar urteko ibilbidea bete dute, eta boskote gisara argitaratzen duten lehen diskoa izan zen. Talde guztietan gertatzen den bezala, aldaketak izan dira, baina kasu honetan onerako, izan ere, bigarren gitarra bat batu da taldera, eta horri esker lortu dute emaitza indartsuago bat.

Ztah taldea 2010ean sortu zen Donibane Ziburuko gaztetxean. Oier (Hats, Stakipop), Jon (Hats, Stakipop) eta Pilo (Glokom) musikariek abiatu zuten proiektua. Ondoren, Iñakik (Dementzia, e-Volv, PIBAllStar) bat egin zuen laukotea osatuz. 2011n lehen lan laburra plazaratu zuten, groove metal eta thrashcore doinuak uztartuz. 2016an Iñorabidea estreinako diskoa argitaratu zuten, eta kontzertu batzuk eman zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan. Laukote izatetik boskote izatera pasa ziren, bi gitarra jotzailerekin, eta horrela kaleratu dute Aska nazazu bigarren diskoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button