BESTELAKOAK

Jazz zirkuituaren hasiera Getxori dagokio

Getxoko XXXVI. Nazioarteko Jazzaldia uztailaren 4tik 8ra gauzatuko da, eta hala, Jazz Euskadi zirkuituari hasiera emango dio puntako artisten partaidetzarekin. Gaur, jaialdiaren babesleek eta Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren zuzendaria Iñaki Saituak argibideak eman dituzte horretarako propio egin den prentsaurrekoan.

“Bere ardatz nagusiak mantenduko ditu ibilbide luzea daukan Getxo Jazz honek: programa kontsolidatua, bere kalitatea eta mundu mailan erreferente bilakatzen ari da. Era berean, aniztasuna ere agerikoa da eta talde eta sortzaile gazteei laguntza ematen zaie jazz munduan ibilbide sendoa lor dezaten”, esan du zuzendariak.

Aurten ospe handiko artistak etorriko dira Getxora, beteranoak, eta eurekin batera etorkizuneko promesa gazteak arituko dira. Bost egun intentsuak izango dira uztailaren 4tik 8ra, jazzaren zale amorratuarentzat zein musikazalea denarentzat.

Aurtengo izarrak Larry Carlton gitarra-jolea, China Moses kantaria, Wayne Shorter Quartet, Mike Stern eta Richard Bona Band eta Eliane Elias kantaria eta piano-jolea dira. Artista horiek osatuko dute kontzertu potenteenak, baina eurekin batera, lehiaketaren barruan, Miroslav Hloucal Quartet (Txekia), Piotr Pawlak Jazztet (Austria), Tobias Meinhart Quintet (Alemania) eta Szwec & Wendt Quintet (Polonia) arituko dira.




Beste aldetik, Hirugarren Milurtekoa sailaren barruan ere, beste talde batzuen kontzertuez gozatu ahalko da. Honako hauek arituko dira atal horren barruan: KB Connection (Madril), Carlos Velasco Trio (Euskal Herria), Coda (Katalunia), High Definition (polonia) eta Juan de Diego Trakas (Katalunia).

Eta jazza ez da amaitzen, izan ere, hamalaugarren urtez jarraian Getxoko Jazzaldian jam session-ak izango dira. Kontzertu hauek Algortako The Piper’s Irish Pub lokalean izango dira Biotz Alai plazako ekitaldiak amaitu ondoren. Lau gautan, uztailaren 4tik 7ra, ikus-entzuleek jam session bikainak izango dituzte. “Egunero banda horiei artista berriak gehituko zaizkie, batzuk jaialdian parte hartzen ari direnak, eta erritmo erabat desberdinak eta originalak sortuko dituzte”.

Azkenik esan, artea ere presente egongo dela edizio honetan. Satistegi kafetegian Iñaki Ojinagak egindako litografiak eta grabatuak ikusi ahalko dira, honezkero zabalik baitago jazzaren mundua islatzen duen erakusketa eder hau.

Bestelako informazioa nahi izanez gero, hemen klikatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button