ARTEA

Hemen herensugeak daude

Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren arteko lankidetzaren bitartez sormena sustatzeko helburua duen Artea abian proiektuak jarraipena izango du aurten Mikel Otxoteko Olazabal artistarekin. Irailean inauguratuko da Hemen herensugeak daude erakusketa. Aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak eta Kimia Kamvarik parte hartu zuten.

Burutuko duen erakusketan “1970eko hamarkadan Margarita Olazabal bere amak Ternuako eskualde subpolarrean super-8an egindako grabazioak bilduko dira. Erakusketa osatzen duten lanek euskal enpresak iparraldeko uretan eta lurraldeetan, eta zeharka Karibean, izan dituen eragin eta ondorio zuzenen berri ematen dute, baliabideak eta eskulan merkea salerosteko eta ustiatzeko sistema konplexu baten barruan. Proposatutako ibilbidea Otxotekok 2019an hasitako ikerketa artistiko baten emaitza da, eta Manuel Valdés Pizzini Puerto Ricoko Unibertsitateko antropologoaren kolaborazioak izan ditu.”

Erakusketak, bereziki, Saint-Pierre et Miquelon artxipelagoko (Ipar Atlantikoa) kultura, identitate eta ingurumen errealitate hauskor eta ezegonkorrari erreparatuko dio.

Artea abian ekimenaren bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da.

Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore-tesiarekin. Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos bezalako ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu. Bere azken film dokumentala Invierno (2019) izan da, eta Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan ikusi ahal izan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button