MUSIKA

Zaharrak berri eta zirraragarri

Alejandro Irizar dultzainan eta Jon Ostolaza soinuan, aski ezagunak dira Gipuzkoan barrena, festarik festa hamaika herri girotu baitituzte. Orain dultzaina/soinu txiki konbinaketa ez hain ohikoaren freskotasun hori, Osto eta Ale kaleratu berri duten diskoarekin dakarte, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Hala, grabaketa honetan, soinu-dultzainaren freskotasun bizigarriarekin, emaitza bitxi eta erakargarri bat utzi nahi izan dute, trikitixa, porrusalda, fandango, arin-arin, balts, pasodoble edota kunbia moduko 18 pieza dantzagarrirekin.

Bi instrumentu hauen elkarketak harridura sortu du oholtza  gainera igo direnean, nahiz eta soinu txikia, euskal doinu eta erromerien protagonista bilakatu izan den unean, dultzainaren errepertorioaren pieza asko bereganatu baditu ere.

Juan Mari Beltran musikari aski ezagunak azaltzen duenez, “filarmonika, akordeoi, soinu-txiki edo trikitixa, XX. mende hasieran kanpotik iritsi arren, berehala bilakatu zen gure nortasun musikalaren ordezkari. Arrakasta izugarri horren arrazoi, garai bateko modako kantu eta dantza doinuetara eta aldi berean, aurreko herri soinulariek eta baita dultzaineroek erromeriatara eramaten zuten errepertorio tradiziora ezin hobeto moldatu izana da, herri musika zaharraren gordailu bilakatuz”.

Orain disko honi esker dultzaineroen alderdi “ezkutu” hori aurkitzeko aukera ematen dute Jon eta Alejandrok, eta herri doinu, herri kultura, herri nortasuna, atzoko eta gaurkoa, zahar eta indarberritua dakarte, Osto eta Ale diskoarekin, zaharrak berri eta zirraragarri.

 

Informazio gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button