ARTEA

Ilustrazioarekin eta autoedizioarekin lotutako bi tailer, Uharte Zentroan

Uharte Zentroak, Diego de Haro liburu-denden elkartearekin lankidetzan, ilustrazioarekin eta autoedizioarekin lotutako bi tailer antolatu ditu. Liebana Goñi eta Oier Zuñiga izango dira ekimen horietako artista gonbidatuak, eta maiatzaren 27an eta ekainaren 3an egingo dira.

Ikimilikiliklik titulua daraman larunbateko saioan “gure irudiak agerrarazteko eta desagerrarazteko deskodetzaile bat sortuko dugu. Gure hizkuntza grafikoak eskaintzen dizkigun aukerak ikertuko ditugu, irakurketa bikoitzak eta mezu ezkutuak modu paregabe eta harrigarrian sortzeko. Oles egiteko gogoz etortzea ezinbestekoa da.”
Liebana Goñi izango da horko arduraduna. Arte Ederretan lizentziatua, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Interaktiboko Arte Zuzendaritzan espezializatu zen. Bere lana 2017ko Euskadi Literatura Sarietan eta 2021eko Bologna Children ‘s Book Fair-ean finalista izan da, eta, berriki, Tres Cantos Haur eta Gazte Literaturako Nazioarteko Jaialdiko album ilustratu onenaren saria jaso du.

Irudi kuttun hori ekainean izango da, eta saio horretan, “norberaren mundu imajinarioari arreta jarriko diogu. Gure bizitzan zehar inportanteak izan diren irudi, objektu edo ekintzak, marrazkigintzaren eremura eramanen ditugu modu azkar eta zuzenean. Haien arteko loturak eta testuinguru imajinarioak sortuz, irudigintza libre eta intuitiboari bide emanez.”
Oier Zuñiga arduratuko da tailer horretaz. Bera Iruñean bizi den aktore, irudigile eta artista bisuala da. Bertatik garatu du azken zortzi urteotan jarduera artistiko profesionala. Ilustrazioa-arte plastikoetan eta arte eszenikoetan jardun du bereziki.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button