IKUS-ENTZUN

Ikus-entzunezko eta zinematografiako sektorearen sustapena bultzatzeko

Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektorearen sustapena bultzatzeko eta laguntzeko Proiektuen poltsa ekimena abiatu zen 2020ko uztailean, bi helbururekin: alde batetik, aipatutako sektorearen sustapena bultzatzea eta laguntzea, eta, bestetik, ikus-entzunezko funts bat sortzea hiria sustatzen duten lanak sortzeko.

Deialdiko 15 lanen artean aukeratutako sei lanak, atzo aurkeztu ziren. Errealizadore horiek Bilbori begiratzeko hainbat modu proposatzen dituzte, “bai modu narratiboekin bai poetikoagoekin, denak pandemiaren egungo testuinguruan kokatuak eta inspiratuak”.

Hautatutako proposamenen artean, bi animaziozkoak dira eta lau dokumentalak, eta bakoitzak 14.000 euroko finantzaketa jaso du.
Hala,  Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxeren Ekilibrismoren artea proiektuak erakusten du nola egoera pandemikoan egonik, artearen eta kulturaren munduko lau pertsona ezagunek hausnarketa sakona egiten duten beren egoeraren inguruan.
Paula Gomez eta Aitane Goñiren Harria eta Bidea lanak erakutsiko digu nola Jon Ander, Bermeon jaioa eta landa-bizitzara ohitua, Bilbora joan eta hiriarekin etxetik harremanetan jartzea erabakitzen duen.
Olaia Nogalesen (Hauazkena taldea) Hirian ibiltzeko jarraibideak animazio-proiektu bat da, eta Miren Agur Meaberen poemen zatiak entzuten diren bitartean hiria bizitza eta bizikidetza gune gisa bisitatzeko jarraibide berriak proposatzen ditu.
Jon Zurimendi zinemagilearen film laburra Hiri Ibiltaria da, zeinak hizkuntza esperimentala erabiltzen duen Bilbon barrena oroitzapen, bizipen eta istorio handi eta txikien bidez errepresentazio oniriko bat sortzeko, Miren Gaztañagaren off-eko ahotsaren laguntzarekin.
Lander Ibarretxeren Bilbao mugimendu etengabea dokumental sinfonikoa da, eta Bilboren etengabeko bilakaeran oinarritzen da, hirian sumatzen diren orainari eta etorkizunari begira.
Eta azkena, Joseba Lopezortegarena da, 2020: Soinuen hiria. Horretan errealizadoreak elkarrizketa batzuk partekatzen ditu Bilboko bizitza musikaleko hainbat protagonistarekin.

Sei proposamen horiek apirilaren 7an eta 8an ikusi ahal izango dituzte ikusleek, Azkuna Zentroko Auditorioko proiekzioan, 19:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button