MUSIKA

Hesian taldea zuzenean entzun eta ikusteko lan bikoitza

Nafarroako Sakanako Hesian taldeak Hemen eta orain (Oihuka) izenburuko disko bikoitza argitaratu du. Iragan abuztuaren 14an Gernikan eginiko kontzertua biltzen duen DVDa dakar labatik atera berri den lanak.

Horretaz gainera, CDa ere biltzen du. Disko horretan, aipaturiko Gernikako emanaldiko kantu asko, eta Barakaldoko txosnetan iragan uztailaren amaieran emandako kontzertuko gutxi batzuk jasotzen dira. Azkenik, bandaren inguruko dokumentala eta klip berria sartu dituzte.

Lan bikoitz hau gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Fran taldeko abeslariak eta gitarra jotzaileak, Aitor tronboi jotzaileak eta Anjel Valdez Oihuka diskoetxeko kideak.

Bosgarren grabazio honek taldea zuzenean zer den erakusten du, baina pizgarri berezi bat ere gordetzen du, Franek azaldu duenez: “Sei urteko ibilbidean hiru kantari izan ditugu, eta grabazio honi esker, kantu zaharrak Zuriñe egungo abeslariaren ahotsean entzuteko aukera daukagu”.  Disko bikoitza argitaratzeko lan handia egin dutela nabarmendu du musikariak, baina emaitzarekin pozik gelditu direla.

“Autogestioaren bidetik egindako lana da, autogestioarekin hasi eta hezi baita taldea”, berretsi du Valdesek. Hortaz, taldea “zuzen eta fresko”  islatzen du. Gazteek gazteentzako eginiko musika dela azaldu du Oihuka diskoetxeko kideak. Hala, Hesianekin hasi duten bide berri horretatik tiraka, diskoetxeak talde gazteak argitaratzeko ahaleginarekin jarraituko du. Valdesek, gainera, taldearen “moldagarritasuna”, nabarmendu du. Horren erakusle, martxoaren 2an, Donostiako Kursaalean egingo duten kontzertua da, ikus-entzuleak eserita egongo baitira.

Bandak egun bizi duen une gozoa azpimarratu du Franek. Izan ere, Hitzetik (2011, Oihuka) aurreko lanak harrera ezin hobea izan zuen, eta egun inoiz baino kontzertu gehiago dituzte lotuta, batez ere Bizkaian. 
Zuzeneko lan berri hau, hain zuzen, Hitzetik diskoa aurkezteko egindako 40 kontzertuko biran grabatu zuten. “Zergatik aukeratu zenuten Gernika?”, galdetu du kazetari batek. “Plaza handiena izateaz gain, jende aldetik eta baldintza teknikoen aldetik egokiena zelako”.

Amaitzeko, ska taldearen etiketa kendu nahi dutela aldarrikatu du Franek heldutasunez. “Punk-rock edo pop-rock izendatzea nahiago dugu; ados, haize atala daukagu, eta ska apur bat ere sartzen dugu,  baina ez gara ska talde bat”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button