ARTEA

“Hondalea” eskultura berriaren sortze-prozesua ikusgai

San Telmo Museoko Laborategiak, Cristina Iglesias artistaren Hondalea eskultura berriaren sortze-prozesuari buruzko erakusketa bat aurkeztu du. Erakusketa irailaren 26ra arte egongo da ikusgai, Laborategian, doako sarrerarekin.

Jakingo duzuenez, Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uharteko Itsasargiaren Etxearen barnealdea aldarazi du, eta Hondalea (itsas leizea) izeneko ingurune eskultoriko zirraragarri bat sortu du.

San Telmo Museoko Laborategian eratu den erakusketak Cristina Iglesiasen eskultura berrirako izan dituen ideia eta ildo artistiko nagusietako batzuk azaltzen dira, horretarako, artistaren “prestaketa-marrazkiak, kobre gainean sortutako pieza berriak, paper gaineko lanak, eskultura bat eta hiritik uhartera egindako bidaia gogorarazten duen bideo bat” eta bestelako piezak erakusten dira.

“Itsasargiaren etxe hustuaren barruan hondeatua, kostaldeen geologia eta uhartea inguratzen duten ur harroak hartzen ditu barnean. Bat egindako estratu geologikoek eta uraren sekuentziek sakoneko denboraren esperientzia bizitzera eramaten dute bisitaria. Hondaleak hiriaren eta itsasoaren arteko kontenplazio-gune bihurtzen du leku adierazgarri bat. Espazio publiko bat jartzen du balioan sarraldi kontrolatu bat eginda eta, gainera, hiriaren beste ikuspegi bat eskaintzen du. Interbentzio honek babesleku gisa, topaleku gisa ekartzen du gogora artearen ideia, eta kausa ekologikoen eta ozeanoen kontserbazioaren defentsaren sinbolo bihurtzen du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.