LITERATURA

Absurdoak eta thriller zientifikoak

Atzo, Iruñeko Elkar Comedias liburu-dendan, Patxi Zabaleta idazlearen Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak (Pamiela) liburuaren aurkezpena egin zuten.

“Absurdoa logikari zaio ortziko zulo beltzak materiari zaizkiona. Absurdoa eta ortziko zulo beltzak logikaren eta materiaren ukoa, muga eta antitesia dira; baina aldi berean, bien ala bien alfa eta omega. Kosmosa kaosaren salbuespena da, logika absurdoaren salbuespena den bezalaxe. Kaosa eta absurdoa dira ereduak; kosmosa eta logika, berriz, salbuespenak. Absurdoko kontuak ez dira kontu absurdoak”.

Ele hauen xedea ez da zentzugabekerian edo kontraesanean murgiltzea, baizik gizakiaren grinak herriaren ikuspegi nor-anizkotik aztertzea eta deskribatzea, norbanakoaren ikuspegitik beharrean; talde ikuspegitik, alegia. Maitasuna, sexua, agintea, biziraupena, sinesmena, pobrezia, gorrotoa, zentzu ona eta abar, norbanakotik harantzago badauden fenomenoak baitira.

Patxi Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1947) zuzenbidean eta filosofian lizentziatua da eta euskaltzaina ere bada. Lanbidez, abokatu eta politikaria da. Bereak dira poesian Zorion baten zainak, Ezten gorriak eta Bizi!. Bost nobela dauzka argitaratuta: Errolanen harria, Ukoreka, Badena dena da, Arian ari eta Eneko Aritzaren hilobia.

Thriller zientifikoak Gaumin argitaletxearen eskutik

Gaur gaoizean, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan Fernando Morilloren Pasio krimena (Gaumin) thriller zientifikoa aurkeztuko dute. Pasioaren bi aurpegi nabarmenak azaltzen dira eleberri honetan: pizgarria eta suntsigarria. Pasioak gorantz eraman gaitzake, eta amildegi sakonenera. Pasioaren kolorea gorria da, eta gorri horrek une beltz batzuetara eramaten du. Nobela gorri-beltza dugu, hortaz, Pasio krimena.

Argitaletxearen bigarren urtebetetzea ere ospatzen ari dira eta horren gaineko balorazioa ere egingo dute bertako kideek: “Azkenaldian gero eta gehiago ari dira zabaltzen albiste beltzak, eta euskal argitaletxe batzuk ere gorriak ikusten ari dira. Guretzat, noski, zaila da. Oso zaila. Baina ekaitzak ekaitz hemen gaude. Ibilian. Istorio eta material desberdina aurkezten, ametsak gauzatzen.”

Ostiralean, hilak 21, 19:00etan, Iñigo Ibargurenen Triangelu irristakorra eleberria ere aurkeztuko dute Azpeitiko Udal Liburutegian (Enparan dorretxean).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button