LITERATURA

Hitzaren inguruko erakusketak “Literaktum” jaialdiari esker

Literaktum letren jaialdia amaitu berri da Donostian, baina bere programazioaren barruan bidean jarri diren hainbat erakusketa publikoaren zain daude oraindik.

Abendura bitartean, Tomasene Kultur Etxean, Marrazkitik Testura erakusketa paratu da. Bertan agertzen diren testuak Yurre Ugarte idazleak Zaldi Urdina arte espazioan gidatzen duen literatur Sorkuntza Tailerreko partaideek sortuak dira. Letrekin batera Izaro Mariezkurrena, Jon Elortza eta Jon Saenz del Castillo artisten marrazkiak daude.

Iñaki Martiarenak Aurpegrafiak erakusketa jarri du Okendo Kultur Etxean abendura bitartean ere. Aurpegrafiak “iritzi-ariketa bat da, eta Euskal Herriko XX. mendeko euskarazko kulturaren, kirolaren eta genero-berdintasunaren arloko 50 lagun ezagunen karigrafiak biltzen ditu”.

Aiete Kultur Etxeak Virginia Woolf idazlea aukeratu du. Datorren urteko urtarrilera bitartean Virginia Woolf idazlearen bizitza eta obra biltzen dira bertan, Gela bat norberarena saiakera Seix Barralentzat sortutako Sara Moranteren ilustrazio artistikoen bidez. “Sara Moranteren ilustrazio sinbolikoek Virginia Woolfen unibertso konplexura eta aberatsera hurbiltzen gaituzte”.

Asier Mensuro arte historiagileak komisariatu duen erakusketa da Artea Komikigintzan izenekoa, Okendo Kultur Etxean urtarrilera arte jarri dena. Komikia margo lan handietara nola gerturatu den islatzen du erakusketak. Hala, margo lan ospetsu askoren bertsioak jasotzen ditu, guztiak bederatzigarren artearen egile ezagunek sortuak.

Azkenik, Allan Daastrup egilearen Alfabeto Ikusezina erakusketa jarri da abian Ernest LLuch Kultur Etxean. Erakusketa, egia esan, “espedizio bat da, formaren eta hizkuntzaren arteko mugak aztertzen dituena: formala eta abstraktua. Letra irudi gisa eta letra hizkuntza gisa. Baina, batez ere, alfabetoaren ospakizuna da erakusketa. Geometria soilaren musika, formen arteko oihartzuna eta hizketa ikusarazteko gaitasuna”.

Jakingarri guztiak Literaktum jaialdiak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button