EUSKARA XEDE

Henrike Knörr sariak

Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak banatu dituzte 2022ko Henrike Knörr sariak, Araban euskararen erabilera aztertzea helburu duten ikerlanak bultzatzeko. Bigarren edizio honetan, Mikel Gartziarena eta Anne Egaña izan dira sarituak, euskarak Arabako hezkuntza eleaniztunean duen egoera eta erronkak aztertuko du lehenak, eta Gasteizko guraso euskaldunen familia-inguruneko hizkuntza-politikak bigarrenak.

Foru erakundeak hainbat urte daramatza euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzen eta Lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen laguntzen duten politikak ezartzen. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da prozesuari berari buruzko ikerketa bultzatzea, eta horregatik foru erakundeak EHUrekin elkarlanean aritzea erabaki du urtero deialdi bat argitaratzeko, euskararen erabilerari buruzko ikerketa-lan monografikoak, gradu-amaierako lanen proiektuak eta master-amaierakoak sustatzeko.

Bigarren deialdi honetan master amaierako proiektuak lehenetsi dira, baina baita ikerkuntzako edo gradu amaierako proiektu monografikoak ere, ondorengo tesiak bultzatzeko helburuarekin, betiere ikerkuntza-gai nagusia euskararen erabilera bada, edozein jakintza-eremutatik aztertuta.

Henrike Knörr sariek, unibertsitateko ikasleek egiten dituzten ikerlanak ezagutarazteaz gain, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedradun eta euskaltzain ohia omendu nahi dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.