IKUS-ENTZUN

Hemen dago Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa

Kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea helburu duen Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

Zikloaren xedea denboraren kontzeptuan sakontzea da, eta horretako hamabi film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Filmekin batera, hainbat gairi buruz, hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango da.

Zikloa bihar, urtarrilak 9, hasiko da Artium Museoan, The Theory of Everything filmarekin (James Marsh, 2014). Film horretan, Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitza pantailaratzen da.Donostian (10ean) eta Bilbon (11n), Pedro Miguel Etxenike izango da aurkezlea, eta Gasteizen (9an) eta Iruñean (14an), aurkezlea Arantzazu García Lekue izango da.

Film klasikoak ikusteko parada egongo da: The Time Machine (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua;  Frankenstein  eta The Bride of Frankenstein  (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa.
Eta film berriagoak ere bai: High Life (Claire Denis, 2018), zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena; Everything Everywhere all at once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022); eta Le Théorème de Marguerite  (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua.
Euskadiko Filmategiak ere beste obra batzuk proposatuko ditu:  Kampen om tungvannet  (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat; Djúpiò  (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma; eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009).
Azkenik, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000), eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) emango dira.

Ikastetxeei zuzendutako emanaldiak ere izango dira, goizetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Gravity proiektatuko da (Alfonso Cuarón, 2013), euskaraz eta gaztelaniaz azpititulaturik.

Eta goian aipatu dugun bezala, hainbat hizketaldi eta hitzaldi antolatu dira puntako aditu batzuekin. Noiz, non eta zer zehazkiago jakiteko, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button