ESZENA

Haatik dantza konpainiak “Lau Eme” pieza eskainiko du, Antzuolan

Haatik dantza konpainiak Lau Eme emanaldia eskainiko du larunbatean, hilaren 25ean, Antzuolako eskolako patioan, arratsaldeko 20:00etan. Egoera bereziarengatik, aforo mugatua da eta doako sarrerak aurretiaz hartu behar dira.

Aiert Beobideren zuzendaritzapean jarri dira beste behin, Irati Sorondo, Anne Jauregi, Nagore Zabala eta Amaiur Luluaga dantzariak, ikusgarri ederra eskaintzeko asmoz. Bere hitzetan, dantza ikuskizunak, “emakumeei ematen die ikusgarritasuna eta urteetan zehar haien ahalduntzea lortzeko bidean egin behar izan duten borroka agertu nahi du”.
Zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi baina pausuz pausu, eta borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumearenganainoko bidaia egiten da obran.
Zuzeneko ahotsak, arretaz egindako mugimenduen bilaketak eta estetika sendo batek sentsazioez betetako lana izatea ahalbidetzen dute oholtzan aipaturiko dantzariek.

Haatik dantza konpainia gipuzkoarrak euskara eta euskal kultura ditu bere nortasunaren oinarri. Bere sustraien eta bide berriagoen arteko zubiak eraikitzen ditu, dantzaren sorkuntza eta erakusketaz haratago, dantza gizartera hurbildu, eta arte eszenikoen sektoreko beharrak asetzeko helburuarekin. Bere ekoizpenik nabarmenena Dss2016-k abian jarritako Hormek diote proiektua izan zen, maila handiko artistekin aurrera eramandako kolaborazio proiektua. Bertan, Koldo Almandoz zinegilearen zuzendaritza artistikoaren gidaritzapean, bizikidetza eta elkarbizitzari buruzko hausnarketa sakona egin zuten.

Oraingo honetan lau emakume ikusiko dituzue, lau emakume beren eskubideengatik borrokan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button