
Loraldiak zubi artistiko bat eraiki nahi izan du duela 50 urteko abangoardiaren eta egungo sorkuntzaren artean, eta Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik ikuskizun ikonikotik abiatuta, musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen Ikimilikiliklik Vol.2 ikuskizun apurtzailea aurkeztu du. “Jatorrizko lanaren espiritu berritzailea bereganatu eta gaur egungo lengoaia eszenikora ekartzen du” sorkuntza honek.
Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, zer da gaur egun abangoardia izatea? itaunari erantzun bat bilatu nahi izan zaio ikusgarri berri horren bidez. Sortzaileen esanetan, “Sorkuntza berri honek garai hartako dena egiteke dago-ren eta oraingo dena egina dago-ren arteko tentsioa aztertzen du. Era berean proiektu honen abiapuntua galdera argi bat da: zer zor diogu jatorrizko lanari? Eta erantzuna argia izan da: haiek bezain ausartak eta garaikideak izatea. Ikuskizun hau ez dator imitatzera, erantzutera baizik”.
Lantalde artistikoa paregabea da, eta bertan, Edurne Azkarateren zuzendaritza eszenikoak ikuspegi fresko eta kontzeptuala eman dio ikusgarriari. Beste aldetik, Iñaki Salvador musikariaren interpretazioak eta presentziak, Mikel Laboaren kolaboratzaile historikoa izanik, bi munduen arteko zubi lana egin du. Oreka Tx taldearen (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) maisutasun erritmiko eta esperimentala ere tartean dago. Libe Kortazar abeslariak bere ahots hunkigarria jarri du eta Intza Alkain aktoreak bere sentsibilitate dramaturgikoa gehituko du. Azkenik, Itziar Garaluce artista bisualak zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren ardura izango du.
Ikimilikiliklik Vol.2 ez da soilik ikuskizun bat, “asmoen adierazpen bat da”.
Ikusi nahi baduzue adi: aurre estreinaldia Saroben izango da azaroaren 12an, eta estreinaldi handia, azaroaren 14an, Iruñeako Baluarten, Iruñaldiaren programazioaren baitan.
				
					


