LITERATURA

Hiru antologia berri MPK bilduman

Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan hiru antologia berri aurkeztu zituzten atzo: batetik, bildumaren 10. urteurrena ospatzeko Biziei ere omen izenekoa, hainbat itzultzailek euskarara ekarritako hainbat poeta biziren poemak jasotzen dituena, eta bestetik, Manuel Vazquez Montalban eta Jacques Preverten antologiak.

“Munduko Poesia Kaierak bilduma 2014an jarri zen martxan, mundu zabaleko poesia gurera ekartzeko helburuarekin. Hamar urteko ibilbide honetan, 50 poetaren lana ezagutzera eman du. Efemeridea ospatzeko, bilduman ohi ez dugun bezala jokatzea pentsatu dugu: biziei omen eginez. Izan ere, MPKko kaierak antologiak dira; poeta baten lan osoaren argazki orokor bat eskaintzea dute xede. Poeta batek MPKn kaier bat izateko, hilda egon behar du. Hala, bada, orain arteko 50 kaieretan bidaide izan ditugun itzultzaileei bizien poesia itzultzeko aukera eskaini nahi izan diegu oraingoan, haiek aukeratutako poema bana. 39 poeta, 39 poema, 39 itzultzaile. Italian hasi eta Nigerian bukatu, geografia urrun zein hurbiletan aritu dira bila gure 39 mandatariak: Iranetik Eskoziara, Asturiasetik Libanora, Haititik Vietnamera… “

Koldo Izagirrek Jacques Prevert (1900-1977) idazle, gidoigile, eta antzerkilariaren poemak itzuli ditu. “Poema narratiboak dira asko, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk, parabolatik ere hurbilak agian. Are, zenbait ale abestekoak dira, kantoreak. Ez alferrik, nazioarteko interprete ospetsuek kantatuak dituzte haren hitzetan oinarritutako makina bat kantu.(…) Prevertek zintzo kontatzen du ikusten duena, umore eta ironia finez, handiusterik gabe trufatuz giza hipokrisiaz eta inozokeriaz, jolasean ia beti. Koldo Izagirrek itzuli du kaier hau, sen zorrotz eta jostalariz”.

Azkenik, Jon Alonsok egin ditu Manuel Vazquez Montalban (1939-2003) idazlearen itzulpenak. “Memoria eta desira izan ziren haren poesiaren bi ardatzak. Hemen memoria intimoa eta kolektiboa da, poetak berak bizi izandakoarena zein bere zaharrengandik ondare gisa jasotakoa. Egunerokoa emoziotik eta kritikotasunetik erretratatuz historia idazten du, sen etikoaz eta koherentziaz. Halaber, liluraren eta desliluraren artean mugitzen dira desira oinarri duten poemak. Erotismoak eta sexualitateak leku garrantzitsua betetzen dute. Poesia urbanoa da, asfaltoan, tabernetan, portu ondoko kaleetan gertatzen dena”.

Kaierak hementxe kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button