BERTSOTAN

Gu ere Bertsotan

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ikasturte honetan (2010-2011) jarriko du martxan Gu ere bertsotan egitasmoa Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Enkarterri, Galdakao eta Muskizko DBHko lehen mailatan eta Bizkaia osoko lehen hezkuntzako ehun ikastetxetan. Besteak beste, Bilbo, Aulesti, Erandio, Abanto Zierbena, Berriatua Basauri, Muskiz, Lekeitio, Zeberio, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Barakaldo, Etxebarri, Matiena eta Leioako udalak zein Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateak dira proiektuan parte hartuko dutenak.

Gu ere bertsotan egitasmoa, gazteak euskaratik eta euskaraz jarduteko modua da. Ikasleen parte hartzea bultzatu nahi du egitasmoak, bertsoa eta hitza euskarri digitalekin lotu eta euskararen erabilpen praktikoa areagotuz.

Urteetako lanak emandako esperientzia lagun, ahozko komunikazio gaitasuna sormenaren bidez lantzea eta hobetzea du helburu egitasmoak, ikasleen parte hartzea bultzatuz. Guztira lau mila ikasle baino gehiagok izango dute hitzekin eta hizkuntzarekin jolasteko aukera, bertsolaritzaren bidez eta baita euskarri digitalen laguntzarekin ere.

Urrian hasi eta maiatzera arte, astero ordu batez, bertsolaritzako irakasle bat hurbilduko da gelara. Aurten, gainera, bi urterik behin ospatzen den Bizkaiko Txapelketari ere jarraipena egingo zaio gelan bertan.

Klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri ere izaten dituzte ikasleek ikasturtean zehar. Batetik bertso saioak antolatzen dira. Bestetik Irrati saioa prestatzen dute ikasleek Bizkaia Irratiarekin lankidetzan.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button