MUSIKA

Bihar hasiko da Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdia

Uztailaren 17tik 19ra bitarte iraungo du Getxoko XXVI. Nazioarteko Blues Jaialdiak; kontzertuak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan. Victor Aneiros galiziarra, Smokin’ Joe Kubek & Bnois King bikote estatubatuarra eta Chicago hiriko bluesman mitikoak bilduko dituen Chicago Blues: A Living History izeneko emanaldia izango dira aurtengo izen nagusiak.

Chicagoko blues elektriko eta klasikoaren ordezkariek ondutako emanaldia izango da ezbairik gabe, jaialdiko unerik hunkigarriena; hain zuzen ere, Chicago Blues: A Living History lelopean ondoko musikariak arituko dira, larunbatean, hilak 19: Billy Boy Arnold (harmonika), Billy Branch (harmonika), John Primer (gitarra), Lurrie Bell (gitarra) eta Carlos Johnson (gitarra).

Egitasmo hori 2009. urtean abiatu zuten Chicagoko zenbait musikarik, XX. mendeko erditik aurrera hiri horretan sortutako blues elektrikoari gorazarre egiteko. Antolatzaileen arabera, “taldekide guztiak hiriko eszenan trebatu ziren eta hainbat hamarkadatan bluesaren arloan protagonista izan den eta popean eta rockean eragin handia izan duen estiloaren erakusle dira”.

Egun horretan, Bilboko Medicine Blues bandak ere joko du, Chicagoko musikarien kontzertua amaitu eta gero, Algortako The Piper’s Irish Pub tabernan, 23:00etan.

Ostegunean, halaber,  Victor Aneiros gitarra jotzaile galiziarra arituko da bere bandarekin eta Julie Guravich abeslari kanadarrarekin, zeinak galiziarraren doinuak abestuko dituen.

Amaitzeko, ostiralean, Smokin’ Joe Kubek eta Bnois King gitarra-jotzaile eta abeslari estatubatuarrek zuzendutako banda izango da protagonista. Taldeak blues, jazz eta soul doinuak uztartzen ditu. Jaialdiaren antolatzaileen aburuz, egungo eszenako bikote interesgarrienetako bat osatzen dute Kubek eta King musikariek.

Informazio gehiago: getxo.net.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button